Itxi

Gizartea

Indarkeria matxista

Milaka pertsonak elkarretaratzea egin dute Bilbon, talde bortxaketa gaitzesteko

Agentziak | Erredakzioa

18 eta 36 urte bitarteko sei gizon atxilotuek ertzain-etxean jarraitzen dute, asteburuan zehar epailearen esku uzteko zain.

1:05
Milaka pertsonak taldekako bortxaketa gaitzetsi dute Bilbon. Argazkia: EFE

Milaka pertsonak elkarretaratzea egin dute Bilbon, gauean 18 urteko neska gazte batek jasandako talde bortxaketa gaitzesteko. Sei gizonek biktima bortxatu zuten. Ertzaintzak susmagarriak atxilotu ditu dagoeneko, eta asteburuan epailearen esku jarriko ditu.

Juan Mari Aburto Bilboko alkatea eta Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Gaietarako sailburua, erakundeetako eta alderdi politikoetako beste ordezkari batzuekin batera, protestan izan dira. Elkarretaratzeak Arriaga Antzokiko plaza bete du. Kolektibo feministetako arduradunak protestaren buruan izan dira.

Ordu erdi baino gehiagoko iraupena izan du elkarretaratzeak. Besteak beste, "Gora borroka feminista", "Bat ukitzen dute, guztiak ukitzen gaituzte", "Autodefentsa feminista", "Libre izan nahi dugu, ez ausartak", "Hemen gaude, guk ez dugu bortxatzen" eta "Bakarrik, mozkor, etxera itzuli nahi dut" leloak oihukatu dituzte.

Bestalde, "Ez da kasu bakana, patriarkatu du izena" eta "Ez da abusua, bortxaketa da" bezalako esaldiak irakur zitezkeen pankarta txikietan.

Argazkia: EFE

18 eta 36 urte bitarteko sei gizon atxilotuek ertzain-etxean jarraitzen dute, asteburuan zehar epailearen esku uzteko zain, Ertzaintzako iturriek jakitera eman dutenez.

Ustez atxilotuek biktimari ostegun gaueko azken orduetan eraso egin zioten Bilboko Etxebarria parkean, eta goizaldean atxilotu zituzten, Ertzaintzak eta Udaltzaingoak elkarlanean egindako ikerketari esker.

Senideek lagunduta, gaztea Basurtuko Ospitalera joan zen. Bertan artatu zuten, eta ordu batzuk geroago sendagiria jaso zuen.

Argazkia: EFE

Argazkia: EFE