Itxi

Gizartea

KLIMA ALDAKETA

EHUk bat egin du larrialdi klimatikoari buruzko adierazpenarekin

EITB.EUS

Zehazki, Nazio Batuen Erakundeak eta Erresuma Batuko Unibertsitate eta Ikastegien Elkarteak (EAUC) elkarrekin sustatutako dokumentua sinatu du, mundu osoko beste unibertsitate batzuekin batera.

  • CO2 isuria atmosferara

    CO2 isuria atmosferara. Artxiboko argazkia: EFE

Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV-EHU) bat egin du Larrialdi Klimatikoaren Egoera aitortzeko Adierazpenarekin. Mundu osoko hamaika unibertsitate batu dira, Nazio Batuen Erakundeak eta Erresuma Batuko Unibertsitate eta Ikastegien Elkarteak (EAUC) sustatutako ekimenera.

Irailaren 23an Nazio Batuen Erakundeak egingo duten Ekintza Klimatikoari buruzko goi-bileraren aurrean, arazo larri horretaz ohartaraztea eta berotze globala eta bere ondorioak lehenarazteko aldaketak egitea eskatzea dira helburuak.

Euskal Herriko Unibertsitateak ohar bidez jakinarazi duenez, Larrialdi Klimatikoaren Adierazpena sinatzean, oinarrizko bost konpromiso hartu ditu: karbono neutrala izatea 2030 urterako, unibertsitateko kideak ahalduntzea, aldaketa klimatikoaren ondorioak arintzeko eta haietara egokitzeko neurriak ezarri eta martxan jartzeko; aldaketa klimatikoari buruzko ikerketarako eta tekniketarako baliabideak mobilizatzea; unibertsitate campusetan ingurumen-hezkuntza eta iraunkortasunaren programak sortzen laguntzea, eta beste erakunde batzuekin aldaketa klimatikoari buruzko ezagutzak partekatzea, eta erronka horren aurrean elkarlana bultzatzea.

Halaber, UPV-EHUk gobernuei eta beste hezkuntza zentroei eskatzen die ekimen honekin bat egitea, larrialdi klimatikoaren egoera aitortuz eta pertsonentzako eta planetarako etorkizun hobea ekarriko duten jarduera zehatzak bultzatuz.

Nazioarteko 25 sarek baino gehiagok babestu dute adierazpena, eta horiek 7.000 erakunde ordezkatzen dituzte.

2018-2021 Plan Estrategikoan, UPV-EHUk garapen iraunkorra, inklusioa eta gizarte konpromisoa sustatzen dituen erakunde bihurtzea proposatu zuen. Gainera, bat egin zuen Nazio Batuen Agenda 2030eko Garapen Iraunkorrerako 13. helburuarekin.