Gizartea
DONE LAURENDIREN MALKOAK
Pertseidak ikusteko garairik aproposena, abuztuko lehen hamabostaldia
EITB.EUS
Tarte horretan, Lurrak Swift Tuttle kometaren orbita zeharkatzen du, ikuskizun astronomikoa sorrarazita.
-
2016ko pertseidak. Argazkia: EFE.
Urtero bezala, pertseidak edo Done Laurendiren malkoak izenez ezaguna den izar-jasa abuztuaren lehen hamabostaldian izango dira ikusgai, Lurrak Swift Tuttle kometaren orbita zeharkatzen duenean.
Fenomeno horretan, izarrak Pertseo konstelaziotik ateratzen direla ematen du, eta horregatik deitzen dira horrela. Dena dela, zeruko edozein puntutan ikus daitezke.
Done Laurendirekin harremana du Erdi Aroan eta Errenazimenduan meteorito-jasa santu hori hil zuten gauean izaten zelako, hots, abuztuaren 10ean.
Pertseidak noiz ikusi
Abuztuaren 15ean ilargi betea izango da; beraz, aurten zailagoa izango da pertseidak ikustea, Espainiako Institutu Geografikoaren arabera. Hala ere, gaur gauean ikusiko dira Done Laurendiren malkoak.
Izar iheskorrak abuztuaren 13an ikusi ahalko dira argien, 04:00etatik 05:00etara. Hori dela eta, gaurko gaua izango da pertseidak ikusteko unerik aproposena.
Espainiako Institutu Geografikoak gomendatu duenez, uda honetan Done Laurendiren malkoak ikusteko onena da Ilargia ezkutatu arte itxarotea, 05:00ak arte. Astro hori ezkutatu ondoren, egunsentira arte izango dira ikusgai pertseidak.
Halaber, hobe da eraikinik, zuhaitzik eta mendirik gabeko leku ilun batetik ikustea. Gainera, begiak iluntasunera egokitu behar direla (30 minutu inguru behar dituzte) gogorarazi du NASAk. Horregatik, fenomeno hau ikusi nahi izanez gero, hobe da minutu batzuk lehenago pantaila argia duen gailurik ez erabiltzea.
[Horretaz gehiago jakiteko: Pertseidak ikusteko gida]