Gizartea
Gipuzkoa
Irungo Harrera Sareak 'legez kanpoko kaleratzeak' salatu ditu mugan
AGENTZIAK
Urtarriletik uztailera bitartean guztira 1.487 pertsonataz arduratu dira; haietako 95 adingabeak, 129 emakumezkoak eta 1.263 gizonezkoak.
-
Irun Harrera Sarearen elkarretaratze bat. Argazkia: EITB
Irungo Harrera Sareak (Gipuzkoa) kontrol-politika "arrazistak eta hilgarriak", eta "legez kanpoko kaleratzeak" salatu ditu Gipuzkoa eta Lapurdiren arteko mugan.
Sare hori orain dela urte bete sortu zen Espainiar eta Frantziar estatuetako muga zeharkatzeko helburuarekin Irunera zihoazen etorkinei laguntzeko.
Sareko kideek lan hori oraindik "guztiz beharrezkoa" dela nabarmendu dute.
Etorkinei "sistematikoki ukatzen zaizkie bidaatzeko beharrezkoak diren bisak" salatu du sareak. Horrez gain, Europar Batasuna "laguntza eskaini nahi duten GKEak kriminalizatzen ari da", adierazi du.
Urtarriletik uztailera bitartean guztira 1.487 pertsonataz arduratu direla azpimarratu du Irungo Harrera Sareak; haietako 95 adingabeak, 129 emakumezkoak eta 1.263 gizonezkoak. Eusko Jaurlaritzak 6.000 migratzaile artatu zituen 2018ko ekainean. Aurtengo ekainean, 181 besterik ez.
Gainera, "3.350 zerbitzu eskaini zaizkie" egoera "irregularrean" dauden pertsona horiei. Hori dela eta, abuztuaren amaieran G7 gailurragatik Frantzian antolatutako protestetan parte hartuko dutela ere iragarri du Irungo Harrera Sareak.
Noemi Ostolaza Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako departamenduko ordezkariaren arabera, "mugetan kontrolak areagotu izana da jaitsiera honen arrazoia". Hala ere, dispositibo berezia jarri zuten martxan eta horri esker, erantzun egokia eman ahal izango diete migratzaile guztiei.
Etorkinak "behartutako klandestinitatean eta ahultasunean" heltzen jarraitzen dutela salatu dute, eta sareak bere zerbitzuak eskaintzen jarraituko duela.