Gizartea
Memoria historikoa
Hobi komun berri bat topatu dute Etxalatzen, eta gutxienez hiru biktima ditu
Agentziak | Erredakzioa
1936ko kolpe militarraren lekukoek esan dutenez, hobi klandestinoetan lurperatutako biktimak 10 baino gehiago izan daitezke zonaldean.
-
2018an aurkitutako hobia, Etxalatzen. Argazkia: Nafarroako Gobernua
Zenbait lekukok emandako informazioari esker hobi komun berri bat aurkitu dute Etxalatzen (Nafarroa). Gutxienez 1936ko kolpe militarraren hiru biktima ditu.
2019an gorpuak lurpetik ateratzeko egitasmoan, Aranzadi Zientzia Elkartearekin elkarlanean, Etxalatzen (Eguesibar) hobi berria bilatzea aurreikusi zuten; izan ere, 2018an sei biktima beste hobi batetik atera zituzten, Nafarroako Gobernuak ohar batean jakitera eman duenez.
Dagoeneko prospekzio eta hobiak kokatzeko lanak hasi dira, eta orain arte hiru gorpu topatu dituzte.
Zenbait lekukok emandako informazioaren arabera, 2018an aurkitutako hobitik gertu lurperatze gehiago egin zituzten.
Lekukoen hitzetan, hobi klandestinoetan lurperatutako biktimak 10 baino gehiago izan daitezke zonaldean, guztiak gizonezkoak, emakumezko bat kenduta; 1979an hobitik atera zutena. Eskolara zihoazela ikusi zituzten gorpuak 1936an.
Hobi guztiak aurkitzeko prospekzioak datozen egunetan jarraituko du, ondoren gorpuak lurpetik ateratzeko eta laborategira eramateko, bertan aztertzeko eta, posible balitz, identifikatu ahal izateko.