Gizartea
G7 GOI BILERA
Abuztuaren 23tik 26ra Biriatuko ordainlekua saihesteko gomendioa egin du Jaurlaritzak
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Joan-etorri askoko asteburua izatea aurreikusten da, udako itzulera operazioak eta Biarritzen egingo den G7aren goi bilerak bat egingo dutelako.
-
G7 goi-bileraren harira, A8an jarritako informazio paneletako bat. Argazkia: Irekia
Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzak Biriatuko ordainlekua saihesteko gomendioa egin die abuztuaren 23tik 26ra bitartean gidariei, Biarritzen egingo den G7aren goi bilera tarteko. Horrez gain, operatibo berezia jarri du martxan zirkulazioan izan daitezkeen arazoei aurre egiteko.
Segurtasun Sailak ohar bidez azpimarratu duenez, abuztuaren 24tik 26ra bitartean Biarritzen egingo den G7aren gailurrak bat egingo du udako itzulera operazioarekin. Ondorioz, Biriatuko ordainlekutik eguneko 30.000 ibilgailu inguru igarotzea aurreikusten da.
Hartutako neurrien artean hauek daude: zerbitzuguneetan eta nazioarteko igarobideko errepideetan informazio seinaleak areagotu dira, 90.000 informazio liburuxka prestatu dira, lau hizkuntzatan; eta modu koordinatuan lan egiten ari dira trafiko arina bermatzeko eta egoera horren eraginpean egon daitezkeen pertsonen segurtasuna bermatzeko.
Aldi berean, Trafiko Zuzendaritzak kanal bat ireki du garraio sektorearekin, ibilgailu astunen trafikorako murrizketen berri emateko. Horrez gain, erabiltzaileei zuzendutako telefono bidezko arreta zerbitzua (011) indartu du.
"Frantziako agintariek segurtasun kontrolak areagotuko dituzte eta, itzulera operazioaren ohiko murrizketez gain, murrizketa gehigarriak aplikatuko dizkiote garraio astunari", jakinarazi du Sonia Diaz de Corcuera Trafikoko zuzendariak.
Hori guztia dela eta, Trafiko Zuzendaritzak zenbait neurri hartu ditu abuztuaren 23tik 26ra bitartean Iparraldera joan behar duten gidariei Gipuzkoatik barrena ez sartzea eskatuz.