Gizartea
Emakumeen aurkako indarkeria
Beasaingo bortxaketaren eta beste sexu eraso batzuen arteko lotura ikertzen ari dira
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Aurreko asteburuan Beasainen egindako sexu erasoaren ustezko egileak, 34 urteko gizon batek, Gipuzkoan egindako beste bortxaketa batzuekin lotura ote duen ikertzen ari dira.
-
Sexu erasoaren aurkako elkarretaratzea, Beasainen. Argazkia: EiTB
34 urteko gizon bat atxilotu du Ertzaintzak, Beasainen emakume bati sexu erasoa egitea egotzita, Segurtasun Sailak baieztatu duenez.
Ustezko erasotzailea polizia-etxean dago, epailearen esku geratzeko zain. Ziur aski, astelehenean azalduko da epailearen aurrean.
Gainera, iraganean inguru horretan egindako beste sexu erasoekin izan lezakeen lotura ikertzen ari da Ertzaintza.
Aitor Aldasoro alkateak esan duenez, familiak eta herritarrak "lasaitasuna" hartu dute atxiloketaren ostean. Alkateak Ertzaintzak eta Beasaingo Udaltzaingoak egindako lana eskertu du, eta erasotzailea biktimaren bizilaguna zenik ukatu du, zenbait hedabidek argitaratu zutenaren kontra.
"Udalak bere aldetik beste behin adierazi nahi du horrelako erasoek ez dutela lekurik gure gizartean. Irmoki arbuiatu eta gaitzesten dituela eta herritarrei ere honelako gertaeren aurrean jarrera bera izatea eskatzen die", esan du Udalak adierazpen batean.
Eva Alvarez PSE-EEko udal taldearen bozeramailea, bestalde, pozik agertu da atxiloketagatik, eta Ertzaintza zoriondu du atxiloketa honen bidez beste bost bortxaketari konponbide eman ahalko zaiolako. "Orain legearen pisua ezartzea eta justizia egitea espero dugu", esan du.
Beste bortxaketen ustezko egilea
Aurreko asteburuan, Aitor Aldasoro alkateak baieztatu zuenez, gizon batek emakume bat bortxatu zuen, Gipuzkoako herriko udaletxetik gertu. Erasoa ostiral gauean gertatu zen.
Biktimak salaketa jarri zuen, eta Ertzaintzak oraindik irekita jarraitzen duen ikerketa abiatu zuen. Antza, gizonak esprai bat erabili zuen neska lokartzeko.
Vocentoren hedabideen arabera, gainera, gizona Gipuzkoan 2012tik egindako beste bost sexu erasoren egilea da. Azken biktimaren etxe inguruko zaintza kamerek gizonaren irudiak hartu zituzten. Horri esker atxilotu ahal izan zuten.
Bestalde, susmagarriaren jarraipen bat egitean, hark erabilitako ontzi bat aurkitu zuen poliziak. Ontzi hori erabili dute atxilotuaren DNA ateratzeko. Beasaingo kasuaz gain, bat dator beste bost bortxaketa kasurekin ere.
Nabaritasun horien aurrean, ostiralean gizona atxilotu zuten. Aldi berean, beste bortxaketetan izandako parte-hartzea ikertzen ari dira.
_________________________________
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.