Gizartea
SALAKETA
Frantziako Poliziak bi emakume nigeriar kanporatu ditu Hendaiako atxikitze zentrotik
EITB.EUS
Cimade elkarteak egindako salaketaren arabera, sexu esplotazioaren biktima diren bi emakume horien kanporatzea legez kanpokoa izan da. Espainiako Poliziaren esku daude orain.
-
Hendaiako atxikitze zentroaren atarian egindako protesta bat. ETBren bideo batetik ateratako irudia
Frantziako Poliziak Hendaiako atxikitze zentroan zeuden bi emakume nigeriar kanporatu ditu eta Espainiako Poliziaren esku utzi ditu, Cimade elkarteak bere webgunean argitaratutako ohar batean salatu duenez. Bi emakumeak sexu esplotazioaren biktima dira.
Iragan uztailaren 11n etxe okupatu bat zuen Frantziako Poliziak Bordeletik gertu eta bertan atxilotu zituen bi emakumeak.
Gerora, ordea, Baionako Askatasunen eta Atxiloketen epaileak gizakien salerosketaren biktima izan diren bi emakume horiek aske uztea agindu zuen, legeak aurreikusitako babes neurriak errespetatzeko.
Hala ere, epailearen irizpidearen kontra, Frantziako Poliziak Espainiakoaren esku utzi ditu nahiz eta ez diren aurrez, inoiz, Espainian izan.
Cimade erakundeak azpimarratu duenez, emakume horien atxilotzea arbitrarioa eta legez kanpokoa izan zen. Gaineratu duenez, horien asilo eta babes eskubidearen aurkako eraso larria ere bada.
Bestalde, Cimadek eskaera zuzena egin dio Frantziari emakumeei itzultzea ahalbidetu eta bizileku baimena eman diezaien.
Bestalde, SOS Arrazakeria elkarteak ere salatu du bi emakume nigeriarren kanporatzea eta Frantziako Poliziak "legez kanpo" jardun duela salatu du.
Halaber, bi emakumeak gizakien salerosketaren biktimak izan daitezkeela eta prostituziora behartu nahi izan dituztenaren susmoak dituztela azpimarratu du.
"Horregatik erabaki zuen Baionako epaileak biak libre uztea, legeak aurreikusitako babeserako eskubidea gauzatzeko", adierazi du elkarteak ohar batean.
Gauzak horrela, bi emakumeen kanporatzea "legez kanpokoa eta arbitrarioa" izan dela salatu eta "giza eskubideen urraketa larri honen aurrean" neurriak har ditzala eskatu dio Espainiako Barne Ministerioari.
Horrez gain, Espainiako Gobernuak Gipuzkoan duen ordezkaritzari kanporatze prozesua nola izan den argitu dezala eskatu dio, besteak beste, Espainiako Poliziaren babesarekin egin ote zen eta bi emakumeen abokaturen baten laguntza izan ote zuten jakiteko.