Gizartea
ILARGIRATZEAREN 50. URTEURRENA
Gizakia Ilargira eraman zuen Apolo 11 misioari buruzko bitxikeriak
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Kronologia ikuspuntutik, astronautek ez zuten Ilargiaren azala uztailaren 20an zapaldu, besteak beste.
-
Buzz Aldrin Ilargian, 1969ko uztailaren 21ean. Argazkia: NASA
Lehen aldiz eginiko ilargiratzearen 50. urteurrena da uztailaren 20an, larunbata. XX. mendeko gertakari historiko horren protagonistak Neil Armstrong, Buzz Aldrin (Edwin E. Aldrin Jr.) eta Michael Collins NASAko astronautak izan ziren.
Neil Armstrong, astronautarik ospetsuena, Apolo 11 misioaren komandantea izan zen; Aldrin eta Collins, aldiz, ilargi-moduluaren eta aginte-moduluaren pilotuak, hurrenez hurren. Michael Collinsek ez zuen Ilargia zapaldu.
Bost hamarkadatan zabaldutako esamesez gain, ilargiratze ospetsuarekin loturiko hainbat bitxikeria daude. Ontzien izenak, adibidez, tripulazioko komandanteak erabaki zituen, Armstrongek. Ilargiratze-moduluari Eagle (arranoa) jarri zion, eta aginte-moduluari, Columbia.
Gizakiak ez zuen Ilargia zapaldu uztailaren 20an
Nahiz eta tripulazioa egun horretan heldu zela esan, adierazpen hori okerra da kronologikoki.
Uztailaren 20an, 20:17:40an (UTC), heldu zen espazio-ontzia Ilargiko Mare Tranquillitatis izeneko itsaso handira, baina hurrengo egunean jaitsi zen Neil Armstrong espazio-ontzitik, hots, 1969ko uztailaren 21an, 02:56an (UTC), NASAko webgunean argitaratutako misioaren lapurpenaren arabera.
Pauso txikia, norentzat?
"Pauso txikia gizakiarentzat, jauzi ikaragarria gizadiarentzat" ("That's one small step for a man, one giant leap for mankind", ingelesez) Neil Armstrongek Ilargiko azala ukitzean esan zituen hitzak dira, antza. Zuzenean eginiko telebistako emankizunean, baina, ez dago argi Armstrongek 'man' (gizona edo, kasu honetan, gizakia) hitzaren aurretik artikulu mugagabea jarri zuen.
Artikulu mugagabe hori gabe ("one small step for men", "one small step for a man" esaldiaren ordez), gizaki edo gizon bakar bat aipatu beharrean, gizonen multzoa edo gizadia aipatuko zukeen astronautak. Hori dela eta, egun ezagutzen dugun adierazpena okerra dela uste dute hainbat pertsonak.
2012an, 82 urterekin hil zen Armstrong. Bere bizitzan zehar, 'a' artikulua ahoskatu zuela esan zuen beti, baina arazo tekniko batengatik ahotsa ez zela ondo entzun.
Astronautaren esanetan, esaldia modu naturalean bururatu zitzaion, modulutik jaitsi baino lehen, Andrew Chaikinek Gizon bat Ilargian liburuan deskribatu zuen moduan. Hala ere, Armstrongek hitzak aldez aurretik prestatu zituela aitortu zuen Neilen anaiak, Dean Armstrongek, 2013an, BBCren Neil Armstrong - First Man on the Moon izeneko telesaioan.
Dean Armstrongek Erresuma Batuko telebista publikoan azaldu zuenez, Apolo 11 misioa hasi baino egun batzuk lehenago, paper bat eman zion Neilek esaldi historikoarekin. Deanen esanetan, ez zuen jarri artikulu mugagaberik, baina, ozen irakurri zuenean, Neilek hori zuzendu zuen gizona zentzu zabalean aipatzeko.