Gizartea
Migrazioa
Hegoalderantz abiatu da Mugak Zabalduz Karabana, migratzaileen eskubideen alde
eitb.eus
300 pertsona inguru irten dira Bilbotik, ostiral goizean, Andaluzia eta Ceutarantz, elkartasunaren kriminalizazioa eta "neofaxismoa" salatzeko.
Mugak Zabalduz Karabana, 300 pertsona ingururekin, Bilbotik abiatu da, Andaluzia eta Ceutarantz, "Hegoaldeko mugarantz", giza eskubideen urraketak, errefuxiatu eta migratzaileenganako elkartasunaren kriminalizazioa eta "espazio neofaxisten" aurrerapena salatzeko.
Bi autobus irten dira Euskal Herritik, Espainiar Estatuko beste lekuetatik ere irten den karabana batean. Esan dutenez, parte hartzaileen % 70 emakumeak dira.
Karabana, bederatzi eguneko bidaian, Granada, Motril, Tarifa, Ceuta, Algeciras, Jerez, Sevilla eta Huelvatik igaroko da. Europan sartzeko 2018an migratzaile gehienek (58.000 batek) erabilitako bidea izateagatik eta 2019an heriotza gehien izan duen bigarrena izateagatik aukeratu dute Andaluzia eta Ceuta.
Mugak Zabalduz elkartearentzat, gorakada horrek "agerian utzi du erakundeen harrera sistemaren hutsune larriak". Gainera, Espainiako Gobernuaren migrazioaren inguruko politika arbuiatu du, "legez kontrako berehalako kanporatzeak egiten jarraitzen duelako" eta Open Arms eta Aita Mari ontziei itsasoan galduta dauden migratzaileak erreskatatzeko lanak egitea "debekatu" dielako.
Hegoaldeko Muga aukeratzeko arrazoien artean daude politika "neofaxisten" hedapena. Nabarmendu dutenez, hori "erronka handia da giza eskubideen defentsa bizitzaren erdigunean" jarri nahi duten guztiei.
Beste arrazoi bat da "hamarka milaka migratzailek, bereziki emakume marokoarrek, Huelvako soroetan duten lan esplotazio egoera". Probintzia horretan, antolatzaileek azaldu dutenez, nekazaritzan lan egiten dutenen artean, "jasan ezin diren lan esplotazioa eta, emakumeen kasuan, sexu indarkeria daude".
"Tokiko agintariek, Lan Ikuskaritzak, gizarte erakundeek eta herritarren zati batek beste albo batera begiratzen dute, probetxu ekonomikoaren mesedetan, euren lanaren bidez aberastasuna sortzen duten pertsonen giza eskubideak sakrifikatuz", gehitu du. Bere ustez, egoera horren kontra borroka egiten duten taldeek beharrezkoa ikusten dute "mobilizazioak eta salaketak Huelvako probintziatik haratago oihartzuna izatea".
Gainera, Ceutan giza eskubideen alde lan egiten duten erakundeek "herritarren artean zailtasun handiak eta babes txikia topatzen dutela" nabarmendu dute antolatzaileek. "Euren lana onartzeko eta bultzatzeko laguntza nabarmena izan daiteke Karabana bertan egotea, 2017an Melillan gertatu zen bezalaxe", esan dute.
Bidaian zehar, ekitaldiak, bilkurak, mahai inguruak eta prentsaurrekoak egitea eta migratzaileen lekukotzak aurkeztea aurreikusten du Mugak Zabalduz Karabanak. Gainera, elkarretaratzeak eta manifestazioak deituko ditu atzerritarren zentro itxien, atzerritarren behin behineko arreta zentroen eta beste leku batzuen aurrean, eta Tarajalen martxa bat egingo dute.