Gizartea
Zientzia
Asteroide batek gaur Lurraren aurka talka egiteko arriskua oso txikia da
Agentziak | Erredakzioa
“2007 FT3” asteroidea Lurraren aurka talka egiteko probabilitatea % 0,0000092 da, alegia, aukera bakarra dago hamaika milioiren artean. Arriskua hain txikia izanik, ezinezkoa da talka egitea.
-
Asteroide bat. Artxiboko argazkia: NASA
Gaur asteroide erraldoi batek Lurraren aurka talka egin dezakeela ohartarazi dute nazioarteko webgune sentsazionalistek. Ildo horretatik, gure planetari hondamendia ekarriko liokeela ziurtatu dute. Alabaina, albiste hori ez da zuzena, “2007 FT3” izena duen asteroidea existitzen bada ere, oso txikia baita Lurraren aurka talka egiteko arriskua.
NASAk Lurretik Gertu Dauden Objektuak Aztertzeko Zentroaren datu basean (CNEOS, ingelesezko sigletan) zehaztu duenez, “2007 FT3” asteroidea Lurraren aurka talka egiteko probabilitatea % 0,0000092 da, alegia, aukera bakarra dago hamaika milioiren artean. Arriskua hain txikia izanik, ezinezkoa da asteroide horrek gure planetaren aurka talka egitea.
Gainera, Torinoko Eskalan (asteroideen eta kometen inpaktuaren arriskua 0tik 10era sailkatzen duena), “2007 FT3” asteroidea arrisku maila baxuenean sailkatuta dago. Horrek esan nahi du gizateriaren etorkizuna ez dagoela arriskuan, ez baitago mehatxurik.