Itxi

Gizartea

Sukaldaritza

LABe berrikuntza gastronomiko teknologikorako espazioa ireki dute Donostian

eitb.eus

Egoitza Tabakaleran izango du kontzeptu, produktu, zerbitzu eta esperientzia gastronomikoak batera sortu, esperimentatu, garatu eta testatzea xede duen laborategiak.

  • Joxe Mari Aizega

    Joxe Mari Aizega Basque Culinary Centerreko zuzendaria, aurkezpenean

LABe-Digital Gastronomy Labek gaur goizean, astelehenarekin, ireki ditu ateak Tabakaleran, Donostian. Basque Culinary Centerrek kudeatzen duen laborategi berritzaile honek “gastronomiaren etorkizun digitala” sustatzea izango du helburu.

“Kode digitalean etorkizuneko gastronomia birpentsatu eta horren inguruan batera sortzeko espazioa da”, arduradunek azaldu dutenez.

“Enpresei gune praktiko bat eskaintzen diegu euren aukera berriak landu ditzaten. I+G froga dezakete eta produktu berriak sortzeko gune gisa erabili, horien merkaturatze prozesuari ekin aurretik. Ikuspegi industriala jarri diogu elikaduraren balio kate osoari”, Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailburuak inaugurazioan azaldu duenez.

Berrikuntza irekiko laborategiak bi solairu ditu, 1.400 metro koadro guztira, eta bertan instalatu dira, besteren artean, “startup-ak eta industria uztartuko dituen co-workingeko espazio bat, garapen gastronomiko berriak prototipatzeko sukaldeak, produktuak, zerbitzuak, auditorium txiki bat eta batera sortzeko espazio bat”.

Orobat, Basque Culinary Centerreko ikertzaileek kudeatzen duten gastronomia-espazio bat du, eta datorren uztailaren 22tik aurrera herritarrentzat irekita egongo da.