Itxi

Gizartea

DESAGERPENA

Bilbon ekainaren 26tik falta den 85 urteko gizonaren bila jarraitzen dute

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Bilaketa taldeek Errekalde, San Inazio, Santutxu, Txurdinaga eta Miribilla arakatu dituzte, eta Zazpikaleetan eta Abusun ari dira orain haren bila.

Bilbon falta den 85 urteko gizonezkoaren bila jarraitzen dute haren senide, lagun, bizilagun eta boluntarioek, familiaren gertuko iturriek Europa Press albiste agentziari baieztatu diotenez. Begoña auzoan ikusi zuten azkenekoz iragan ekainaren 26an.

Lau eta sei pertsonako taldeetan banatuta, Errekalde, San Inazio, Santutxu, Txurdinaga eta Miribilla arakatu dituzte. Gaur goizean, Zazpikaleetan eta Abusun ari dira haren bila.

Senideen esanetan, 10:00etan irten zen etxetik ile-apaindegira joateko.

Asteazken arratsaldean bertan, erizainarekin hitzordua zuen hankan zuen zauria artatzeko, baina ez zen azaldu ez ile-apaindegira ezta arratsaldeko hitzordura ere.

Familiak herritarren laguntza eskatu du gizona aurkitzeko. Ertzaintza ere bilaketa lanetan parte hartzen ari da. Ekainaren 26an galtza marroiak eta alkandora berde bat zituen soinean. Gainera, eskuineko eskua benda batekin bilduta zuen.