Gizartea
Lampedusan
'Sea Watch' ontziko kapitaina atxilotu dute, baimenik gabe lehorreratu ostean
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
17 egun zeramatzan erreskaterako ontzia itsasoan, "egoera fisiko eta psikologiko txarrean" zeuden 40 migratzailerekin. "Gerra-ontzi bati aurre egitea" leporatu diote kapitainari.
Italiako Lampedusako portuan, eta agintarien baimenik gabe, lehorreratu da larunbat goizalde honetan 'Sea Watch 3' pertsonak erreskatzeko ontzi alemaniarra. 17 egun zeramatzan ontzia itsasoan, bertan erreskatutako 40 migratzailerekin, tokiko komunikabideek jakitera eman dutenez.
Ontziaren kapitaina, 31 urteko Carola Rackete, atxilotu egin du Italiako Poliziak, "gerra-ontzi bati aurre egiteagatik". Delitu hori 3-10 urte bitarteko espetxealdiarekin zigortuta dago.
"La Repubblica" kazetaren aburuz, finantza-Guardiako patruilari bat ontziaren sarrera oztopatzen saiatu da. "Karola kapitainak ez zuen beste aukerarik", esan du Giorgia Linardi Sea Watch Italia Gobernuz Kanpoko Erakundearen bozeramaileak. "36 orduz Italiako agintariek muzin egin zioten migratzaileak lehorreratzeko premiari", gaineratu du. "Etsi-etsian egindako erabakia da", adierazi dute kapitaniaren abokatuek.
"Gure abokatuen laguntzarekin aurre egingo diot guztiari. Ontzian dauden pertsonak lehorreratu ahal izatea da nhi dudan bakarra", azaldu du kapitainak, atxilotu aurretik, Skype bidez eskainitako prentsaurrekoan.
Racketek azpimarratu duenez, migratzaileak oso egoera fisiko eta psikologiko txarrean zeuden. Izan ere, horietako bat ebakuatu behar izan zuten, sabeleko minak jota.