Gizartea
Hezkuntza
EAEko beken sistema baliogabe utzi du Gorenak, Estatuaren berdina ez izateagatik
Agentziak | Erredakzioa
Auzitegi Gorenaren arabera, EAEko "sistema paraleloak desberdintasun handia" sortzen du, ikasleek Estatu osoan "aukera berberak" izatea galarazten duelako.
-
Auzitegi Gorena. Irudia: EiTB
Espainiako Auzitegi Gorenaren arabera, bekak Estatu osoan modu berberean lortu ahal direla bermatuta arautu behar da diru laguntzen sistema, eta Euskal Autonomia Erkidegoak bere baremoa izateak "sistema paralelo bat" sortzen du, eta horrek lurraldearen araberako "desberdintasun handiak" eragiten ditu.
Auzia 2014-2015 ikasturtean hasi zen, Espainiako Gobernuak Eusko Jaurlaritzaren beka sistemaren aurka helegitea jarri zuenean. Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak euskal legearen zenbait artikulu baliogabetzat jo zituen eta orain Auzitegi Gorenak ebazpen hura berretsi egin du.
Auzitegi Gorenean jarritako errekurtsoan, Eusko Jaurlaritzak argudiatu zuen bekak EAEko Aurrekontuaren bidez finantzen dituela eta, ondorioz, ezinezkoa dela Estatuaren finantzazioan eragitea. Halaber, Estatuaren araudia oinarri hartuta, Espainiako Gobernuak gai honetan esku hartzeko modu bakarra diru-laguntza horiek Estatuko Aurrekontuen bidez ematea da.
Horrez gain, Eusko Jaurlaritzak azpimarratu zuen EAEk hiru hamarkada egin dituela bere beka sistema propioa erabiltzen, Gernikako Estatutuak hala babestuta, eta orain arte Espainiako Gobernuak inoiz ez zuela sistema horren aurka auzitegira jo.
Nolanahi ere, Auzitegi Gorenak atzera bota ditu argudio horiek guztiak, Konstituzionalaren epai batean oinarrituta. Diru-laguntzak "Espainiako lurraldeen arteko berdintasuna" bermatuz eta Estatuko araudia errespetatuz eman behar direla ebatzi du.
EAEko beka sistema "sistema paralelo" bat dela dio eta horrek ikasle guztiek aukera berberak ez izatea eragiten duela eransten du, "diru-laguntzak autonomia erkidego bakoitzaren aurrekontuaren menpe egongo liratekeelako".
Horrenbestez, Gorenak azpimarratu du beka sistema ezberdinak egoteak Estatuko ikasleen artean ezberdintasunak eragingo lituzkeela, lurraldearen arabera laguntzak handiagoak edo txikiagoak izango liratekeelako. Eta Estatuko oinarrizko araudiaren helburu nagusia ezberdintasun horiek saihestea dela gogoratu du.
Halaber, Gorenak Jaurlaritzari erantzun dio Espainiako Gobernuak orain arte euskal beka sistema salatu ez izana ez dela arrazoia "legearen aurkako arauak ezartzen jarraitzeko".
Boto partikularra
Epaimahaia osatzen duten zazpi magistratuetatik bik boto partikularra eman dute autonomia erkidegoak Hezkuntza eskumenaren jabe direlako eta, ondorioz, "bere aurrekontuak erabilita Estatuak ematen dituen bekak edo laguntzak osatzeko ahalmena dutelako".
Horrela, bada, Konstituzionalaren ebazpena horren zorrotz ez interpretatzearen alde egin dute, Estatuak autonomia erkidegoei laguntza publikoen araudia garatzeko edo osatzeko aukera eman behar diela iritzita.
Ildo berean, EAEko beka sistema 1980tik indarrean dagoela eta "oinarrizko justifikaziorik gabe" ez baliogabetzea eskatzen dute.
Bestalde, Eusko Jaurlaritza ebazpen honek izan ditzakeen ondorioak aztertzen ari dela jakinarazi du.