Gizartea
Saria
Urko Aristi EiTBko kazetariak jasoko du aurtengo Zilarrezko Gehitu Saria
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Bere ibilbide profesional guztian LGTBI+ kolektiboko pertsonekiko erakutsi duen jarreragatik saritu du Gehitu elkarteak Urko Aristi.
-
Urko Aristi. Artxiboko argazkia: EiTB
Urko Aristi EiTBko kazetariak jasoko du Euskal Herriko gay, lesbiana, transexual eta bisexualen elkartearen 2019ko Zilarrezko Gehitu saria.
Euskal Irrati Telebista publikoan egin duen ibilbide profesionalean, Aristik LGTBI+ kolektiboko pertsonekiko erakutsi duen "konpromisoa eta jarrera" azpimarratu nahi izan du Gehituk saria berari emanda.
Gehituren iritzian, kazetaritza, oro har, "herritarrengandik eta elkarteengandik nahiko urrun" dagoen lanbidea da, baina Urko Aristiren kasua "salbuespena da".
Aristik 42 urte ditu eta Ibarrakoa da. Egun, EiTBko irratietako zuzendaria da. Aurrez, albistegietan aritu izan da eta telebistan Eguraldia saioa aurkezten ikusi dugu. Radio Euskadin 'Graffiti' programa zuzendu zuen.
"Aristik beti egin du lan LGTBI+ kolektiboko pertsonen eta elkarteen eskubideen alde", nabarmendu du Gehituk.
Horrez gain, kolektibo horretako pertsonei "ikusgarritasuna" ematen ahalegintzen dela eskertu du Gehituk eta, ildo horretan, gogora ekarri du Radio Euskadiko 'Graffiti' saioan sarritan eman izan diela hitz egiteko aukera.