Itxi

Gizartea

Migrazioa

Errefuxiatuen errealitatea zifratan

EFE

Iaz, errefuxiatuen % 50 adin txikikoak ziren, eta 111.000 bakarrik zeuden. Minuturo 25 pertsonek egin behar izan zuten ihes etxetik.

  • Itsasoan erreskatatutako migratzaileak.

    Itsasoan erreskatatutako migratzaileak. Artxiboko argazkia: EFE

Nazio Batuen Erakundeak Errefuxiatuaren Nazioarteko Eguna ospatuko du ostegun honetan, urtez urte okerrera doan arazoari ikusgarritasuna eman nahian.

Nazio Batuen Errefuxiatu Agentziak zabaldutako datuen arabera, hauek dira errealitate gordin horren zifra adierazgarrienak:  

- 2018an, minuturo, 25 pertsonak alde egin zuten behartuta beren etxeetatik. Ondorioz, egunero 37.000 migratzaile gehiago izan dira.

- Guztira, 70,8 milioi pertsona baino gehiagok egin behar izan dute ihes etxetik. Nazio Batuen Erakundeak duela 70 urte migratzaileei buruzko erregistroa sortu zuenetik –Bigarren Mundu Gerraren ondotik-, inoiz izan den zifrarik altuena da.

- Duela 20 urteko datuekin alderatuz gero, egun errefuxiatuen kopurua bikoiztu egin da. Azken urtean 2,3 milioi migratzaile gehiago izan dira, Turkia edo Thailandiako biztanleria osoaren beste.  

- Nazio Batuen Errefuxiatu Agentziaren iritzian, errefuxiatu kopuru orokorraren zifra ez da zuzena. Migratzaileak 70,8 milioi baino gehiago direla uste du, besteak beste, Venezuelako krisiagatik ihes egin duten pertsona guztiak aintzat hartu ez dituztelako. Venezuelan migratzaileak 4 milioi pertsona izan daitezkeela kalkulatzen dute.  

- Migratzaileak hiru taldetan banatzen dira:

Errefuxiatuak: Gatazka eta gerren ondorioz beren herrialdetik alde egin behar izan dute pertsonak. Egun, 25,9 milioi errefuxiatu daude munduan.  

Asilodunak: Beren herrialdetik kanpo dauden, baina nazioartearen babesa lortu duten pertsonak. Egun, 3,5 milioi lagun daude egoera horretan.

Desplazatuak: sorlekutik irten eta herrialde bereko beste leku batera joan behar izan diren pertsonak. Egun, 41,3 milioi desplazatu daude.

- Iaz, errefuxiatuen % 50 adin txikikoak ziren, eta 111.000 bakarrik zeuden.

- Bost errefuxiatutatik lau, gutxienez bost urtez egon dira beren sorterritik kanpo.

- Iaz, asiloa eskatu zuten gehienak venezuelarrak ziren: 341.800.

- Iaz, 108 pertsonetatik bat migratzailea zen. Duela hamar urte, 160 lagunetatik bat zen migratzailea. Beraz, kopurua goraka doa.