Gizartea
OSASUNA
Zer da Aurretiazko Borondateen Dokumentua eta nola egiten da
eitb.eus
Ekipo medikoari zuzendutako idatzizko dokumentua da. Bertan, pertsona batek jasota uzten ditu jarraibide batzuk, etorkizunerako, une horretan bere borondatea adierazteko gai ez bada, erabil daitezen.
-
El documento se podrá realizar en los centros de salud. Imagen de archivo sacada de un vídeo de ETB.
Osasuneko profesionalek laguntza medikoa eskaintzeaz gain, gaixoen lehentasunak eta balioak zaindu behar dituzte, kasuan kasuko aukera terapeutiko egokienak eskainita. Gai diren gaixoekin batera hartutako erabakien prozesu horri borondateen baimena deritzo.
Prozesu hori, ordea, ez da beti posible izango, gaixotasun larriak edo konponezinak dituzten gaixo asko beren borondateak adierazteko gaitasunik gabe geldituko baitira.
Orduan aurretiazko borondateak, azken borondateak, aurretiazko ildoak edo biziarteko testamentua jokoan sartzen da: Pertsona batek bere gaitasunak galdu aurretik jaso nahi edo nahi ez dituen tratamenduak adierazteko borondatea, alegia.
Gehien bat, gaixo terminal edo kronikoei bideratutako prozesua da. Hala ere, edonork egin dezake Aurretiazko Borondateen Dokumentua (ABD), gai bada, judizialki ezgaitua ez badago, eta askatasunez ari bada.
Bizitzako azken uneekiko eta ezintasun fisiko edo psikiko larriko egoerekiko duten balioak eta aukera pertsonalak jaso behar ditu Aurretiazko Borondateen Dokumentuak, hain zuzen. Zehazki, mediku-jarduketekin lotutako jarraibideak eta mugak adierazi behar ditu. Organoak emateko eta abarrerako borondatea duzula ere adieraz dezake. Hala ere, borondateak ez dira aplikatuko legearen aurkakoak edo praktika kliniko zuzenaren aurkakoak badira, ezta agiria egin duenak adierazi ez duen ezertan ere.
Horrenbestez, aurretiazko borondateak "asmoen aitorpen" hutsa izateaz gain, osasuneko profesionalentzako zein familientzako gida erabilgarria da, trauma handi bati aurre egin behar diotenean.
Dokumentu hori edozein momentutan aldatu edo atzera bota daiteke, erabakiak hartzeko gaitasunari eusten zaion bitartean. Une horretara arte, pertsonaren erabakiak izango du lehentasuna dokumentuan jasotakoaren gainetik.
Nola egiten eta formalizatzen da ABDa?
Bizi testamentua egiteko hiru modu daude: erregistroaren arduradunaren bidez, hiru lurralde-ordezkaritzetako bulegoetan; notario bidez; eta, osasun zentroetan, hiru lekukoen sinaduraren bidez.
Osasun zentroetan egiten dutenek, hiru lekukoren aurrean egin behar dute. Adin nagusikoak izan behar dira, jarduteko gaitasun osoa dutenak, eta ez dute izango testamentu-egilearekiko bigarren gradura arteko ahaidetasunik (ikusi beheko taula), edo ezkontza, elkartze libre edo izatezko bikote bidezko harremanik, ezta ondare-harremanik ere. Hiruek jardungo dute testamentu-egilea aurrean dutela, zeinak dokumentuaren orri guztiak sinatuko baititu.
Notarioaren aurrean, zeinak tramite guztiak egingo baititu, eta ez da lekukorik behar.
Aurretiazko Borondateen Erregistroko arduradunen aurrean, Osasun Sailaren egoitza batean; zehazki, testamentua egiten duenaren helbideari dagokionean. Ez da lekukorik behar.
Aurretiazko Borondateen Dokumentua betetzeko gida erabilgarria eta oinarrizko informazioak Osakidetzako webgunean aurkitu daitezke.
Prozedura horietako edozein eginda, ABen Euskal Erregistroko arduradunak ebazpen bat emango du, zure ABDaren erregistroa baiesteko, eta eskatzaileari haren bizilekura bidaliko diote.
Euskal Erregistroa Estatuko Aurretiazko Jarraibideen Erregistroarekin (RNIP) konektatuta dago, erregistratzen diren deklarazio guztiak edozein autonomia erkidegotatik kontsultatu ahal izateko.