Gizartea
Erreportajea
Emakumea, adingabea, atzerritarra eta... bakarrik
Eider Garaikoetxea | EiTB.EUS
Espainiara bidaiderik gabe heltzen diren adingabe atzerritarren artean emakumezkoak gizonezkoak baino askoz gutxiago dira. Andaluzian horiekin lanean dabilen nafar batekin aztertu dugu gaia.
-
Atzerritik bakarrik heltzen diren emakumezko adingabeak ez dira % 10era heltzen. Argazkia: Pixabay
Nerabezaro betean edo igaro berritan daude, baina horien begi lausoak inposatu zaien heldutasunaren isla dira. Adingabeak, migratzaileak eta emakumezkoak dira. Bakarrik heldu dira gurera, babestuko dituen adin nagusiko bidaiderik gabe. Hauskor baina era berean irmo, etorkizun hobe baten bila.
Estatuko Fiskaltza Orokorraren txostenaren arabera, 2017an bidaiderik gabeko 69 neskato heldu ziren patera edo antzeko ontzi batean Espainiara, bakarrik heldutako adingabe guztien (2.345) % 3.
Emakumezko adingabe horiek pateretan heltzen dira Andaluziako kostaldera, edo Ceutako eta Melillako mugara, ibilgailuen behealdean edo maleta baten barruan ezkutatuta. Azken 20 urteotan hiri autonomoetako hesien gainetik salto eginda iritsi denik ere badago. Italiaren eta Greziaren ostean, Espainiako Estatua da afrikar etorkin gehien hartu dituen herrialdea. Gehienak Andaluziatik sartzen dira, hegoaldeko mugatik.
Adin txikikoekin zuzenean lan egiten ez badu ere, Ilargi Mayor iruindarrak ondo ezagutzen du drama hori: hiru urte daramatza Algecirasen (Cadiz), eta aurretik zazpi eman zituen Marokon. Amaranta Fundazioan (Adoratzaileen ordena erlijiosoak sortutako irabazi-asmorik gabeko elkarte pribatua) egiten du lan. Emakumeei laguntzen diete bertan: asko gazteak dira, gehienak etorkinak. Horietako batzuk prostitutak dira, edo emakumeen salerosketa sareen biktimak. Horrez gain, Caminando Fronteras gobernuz kanpoko erakundearekin kolaboratzen du, hildako migratzaileen senitartekoei laguntzen eta informazioa ematen.
Datuez galdetuta, ohartarazpena egin digu Mayorrek: "Ez dira oso fidagarriak, beti heltzen dira berandu".
Bidaiderik gabeko adingabe atzerritarren erregistroaren arabera, 518 emakumezko zeuden 2017ko abenduaren 31n zerbitzu publikoen babespean, adingabe guztien (6.414) % 9.
Administrazioak adin txikikotzat jotako neskatoak bakarrik biltzen dira zenbakiotan. Andaluziako kostaldera heldutako adingabe askok ez dute aitortzen adingabe direnik, euren bidaian aurrera egin nahi dutelako edo giza salerosketen sare batek kontrolatzen dituelako, eta horiek emakumeak esplotatzen jarraitu nahi dute, erakunde publikoen babesari iskin eginez. Beste batzuk adinez nagusitzat jotzen dituzte, oker, adina zehazteko erabiltzen diren proba eskasen erruz. Adingabeen zentroetatik (erregimen irekia dute) ihes egiten duten neskatoak ere ez daude datu ofizial horietan jasota.
Errealitate ikusezina Administrazioarentzat
"Adingabeek urteak daramatzate bakarrik etortzen, 15-20 urte izango dira. Harrigarria da gaur egun ume horiei erantzun egokia emateko daturik ez izatea", salatu du Ilargi Mayorrek. Izan ere, horren ustez, "datu zehatzak bagenitu, erantzuna ere zehatzagoa izango litzateke. Gaur-gaurkoz ematen ari garen laguntza ez da egokia, eta horrek haurrak babesgabe uzten ditu".
Artatu ostean, bidaiderik gabe Estatura heltzen den eta 18 urtetik beherakoa izan daitekeen ezein pertsonaren adina zehaztea izaten da gizarte zerbitzuen lehen lana. Adinez nagusi dela zehazten bada, identifikatu, erregistratu eta atzerritarrentzako zentro itxi batera eramango dute. Hortik aurrera, bi gauza gerta litezke: sorterrira bidaltzea bueltan edo Estatuan geratzea, modu irregularrean eta, beraz, zaurgarritasun egoeran.
Alanbre arantzaduna Melillako kostaldean. Argazkia: EiTB
Administrazioak adingabea dela zehazten badu, ordea, haurtzaroa babesteko Andaluziako Lehen Arretako Zerbitzuaren esku geratuko da. Ondoren, jatorriko herrialdean duen familiarekin berriz elkartzen saiatuko dira, eta, lortu ezean, Estatuko erakunde publikoek hartuko dute horren tutoretza, erkidegoetan dauden zentroetako batean sartuta.
Gizarte hezitzaileak salatu duenez, zentro hauek erabat "estigmatizatuta" daude, atzerritarrentzat direlako bakarrik. "Haurrak talde moduan hartuta, babestu beharreko ume gisa barik, atzerritarrak direla gailentzen da".
Prozesu hori guztia "oso geldoa" da, Mayorren hitzetan, eta adingabeen zentroak "gainezka" daude. "16-17 urterekin heltzen diren gaztetxoei askotan ez die denborarik ematen bizileku-baimena edo beharrezko dituzten agiriak tramitatzeko. Gainera, asko kostatzen zaie prestakuntzarako zentroetara sartzea. Hala, ezer egin barik geratzen dira", azaldu digu Amaranta Fundazioko langileak.
Save The Childrenek 2018ko maiatzean kaleratutako "Los mas solos" txostenaren arabera, 2017an Estatura bidaiderik gabe heldutako adingabeen % 11 (695 ume eta nerabe izan ziren, baina datuak ez daude sexuaren arabera bereizita) Euskal Autonomia Erkidegoak hartu zituen; Nafarroak, aldiz, % 0,33 (21 adingabe).
Bizkaiko Foru Aldundira jo dugu datuok berreste aldera, baina adingabeak babesteko legea dela-eta foru erakundeek ez dutela horren inguruko informaziorik ematen esan digute. Dena dela, aitortu digutenez, babestutako adingabeen artean "gutxiengo" dira emakumezkoak. Horien hitzetan, baten bat egotekotan, "oinarrizko sarera" bideratzen dute; atzerritarrak ez diren eta Aldundiaren zaintzapean dauden beste adingabeekin bizi dira horretarako egokitutako zentroetan.
Nondik datoz (Iturria: Save The Children)
Maroko % 64,84
Aljeria % 9,63
Ginea % 4,02
Boli Kosta % 3,24
Kamerun % 0,98
Nigeria % 0,54
Zer dela eta ateratzen dira euren herrialdeetatik?
Datu ofizialak zehatzak ez badira ere, ukaezina da neskatoek mutikoek baino gutxiago emigratzen dutela, eta matxismoak eta sistema patriarkalak zerikusi zuzena dute horretan. Afrikako herrialde horietan haurtzaroa ez dago behar bezala babestuta: oso gutxik dute ikasteko aukera, eta umetan hasten dira lanean. Neskei etxeko eta zaintza lanak uzten dizkiete, eta mugitzeko eta erabakitzeko eskubidea hutsaren hurrengo da, kasu gehienetan. Gurasoen kontrol hertsitik senarren kontrolpean egotera igarotzen dira neskak, askotan behartutako ezkontzen bidez. Migrazio bidaia abiatzekotan, bidean indarkeria fisiko edo sexuala pairatzeko aukera askoz handiagoa da emakumezkoen kasuan.
Emigratzen duten neskatoek dituzten arrazoiez galdetuta, hainbat aipatu dizkigu Mayorrek: "Familia baten migrazio proiektu baten parte diren ume-nerabeak daude batetik: senitartekoren edo gertukoren bat dute hemen, eta harekin elkartzera datoz. Beste batzuk giza salerosketa sareek ekartzen dituzte, prostituitzeko. Eta beste batzuek zapaltzen eta etxean mantentzen dituen sistema patriarkal horren aurka egiten dute. Sare sozialei esker, adibidez, bizitza horrekin konformatu beharrik ez dutela konturatzen dira".
Gizarte hezitzaileak nabarmendu duenez, azken urtean gora egin du Estatura bakarrik heldu diren neskato marokoarren kopuruak; ez daki, ordea, zergatik den.
Algecirasko kostaldean asko dira hondoratutako ontzien edo pateren arrastoak. Argazkia: EiTB
Emakumeak, merkantzia balira bezala
Matxismoa unibertsala da, eta adingabeok helmuga dituzten herrialdeetan dagoen genero rol banaketak ere migrazio mugimendu horiek baldintzatzen ditu. Espainiako Estatuak prostituzio merkatu itzela du, eta, horrenbestez, emakumeen salerosketan dabiltzan sareen jomuga da.
Datuei erreparatu besterik ez dago: 2016an salerosketaren biktima izan ziren emakumeen % 86 atzerritarrak ziren, eta % 10 adingabeak. 10etik ia 8 prostituitzera behartu zituzten.
Sare horietako kideek merkantziak balira bezala tratatzen dituzte emakumeak, bidaian "zaindu" beharrekoak, gero saldu nahi badituzte, behintzat. "Giza salerosketan ari diren sareek mugak igarotzen laguntzen diete neskatoei, lekurik arriskutsuenetan babesten dituzte", azaldu digu Mayorrek.
Nafarroako gizarte hezitzailearen arabera, Estatura heldutakoan, panorama latza topatzen dute emakumeok: "Batzuei aurrez esan diete prostituitu beharko dutela, zenbaitetan bidean ere egin behar izan dutelako, baina gehienetan ez dakite zein baldintzetan egin beharko duten... Esplotazio, indarkeria eta askatasun falta itzela izaten dute".
Save The Childrenek bere txostenean ohartarazi duenez, oso kezkagarria da "Nigeriako eta Kamerungo neskak nagusi direla beste nazionalitateen aurrean. Are gehiago, bi herrialde horietatik bidaiderik gabe etorritako adingabe gehienak emakumezkoak dira". Horrek agerian uzten du, gobernuz kanpoko erakunde horren arabera, "nola ekarri dituzten handik eta zein helbururekin".
Euren herrialdeetara itzularazi dituzten emakumeen egoera ere ez da makala, Mayorren hitzetan: "Askotan, salerosketa sareen biktima izaten dira berriro. Berriro egiten dituzte biktima".
Adingabeei muturreko eta indarkeriazko iragana azalean tatuatuta geratzen bazaie ere, Ilargi Mayorrek nabarmendu digunez, "une zehatz bateko zauri horiek osa daitezke". "Kasurik gehienetan, aurrera egiten duten neska eta emakumeak dira, erresilienteak, indartsuak eta ziurrak".