Itxi

Gizartea

Ozeanoen eguna

2.000 boluntariotik gora elkartu dira Urdaibain plastikoa uretatik ateratzeko

agentziak | erredakzioa

8 tona inguru bildu dituzte denen artean. Iñaki Arriola Ingurugiro sailburuak iragarri du plastikoentzako estrategia "berezia" izango duela hurrengo hondakinen egitasmoak.

1:56
Urpekariak, Urdaibaiko itsasertzea garbitzen

2.000 boluntariotik gora eta 300 bat urpekari eta ontzi elkartu dira gaur Urdaibain uretatik plastikoa ateratzeko, eta zortzi tona inguru bildu dituzte kostan eta barrualdeko biosferan.

Gaztelugatxetik Elantxoberainoko zatia garbitu dute, Urdaibairen itsasadarraren ekialdeko eta mendebaldeko eremuan; Bermeoko urpekarien taldeak eta Zero Plastiko Urdaibaik antolatu dute, Eusko Jaurlaritzaren eta Bizkaiko Aldundiaren laguntzarekin.

Iñaki Arriola Ingurugiro sailburuak esan du Ozeanoen Mundu Egunaren harira egin dutela garbiketa, eta azpimarratu du ekimenaren garrantzia ez dela soilik plastikoa jaso izana, baizik eta plastikoak ingurugiroan duen eraginaren kontzientziazio lana.

Gainera, sailburuak iragarri du plastikoentzako estrategia "berezia" jasoko duela hurrengo hondakinen egitasmoak.

Eusko Jaurlaritzaren arabera, EAEn urtero 350.000 tona hondakin plastiko sortzen da, eta % 42a hiri hondakinetik dator. Zati horretatik, % 61 zabortegietara doa, % 25 birziklatzen da, eta % 13a erraustegietan erretzen da.