Itxi

Gizartea

Ekainaren 16an

Pinaburuak erabiliko dituzte aurten Estropatadako gomazko ohiko ahatetxoen ordez

EITB.EUS

Orain arte gomazko ahatetxoak erabili badituzte ere, aurrerantzean WOPahate jasangarriak erabiliko dituztela jakinarazi du WOP (Walk On Project) Fundazioak.

0:50
Pinaburuak erabiliko dituzte 2019ko Estropatadan

Pinaburuak erabiliko dituzte aurtengo Estropatadan gomazko ohiko ahatetxoen ordez, The Walk On Project (WOP) fundazioak asteazken honetan jakinarazi duenez. Pinaburuek lokalizazio txipa eta dortsala eramango dute ekainaren 16an lasterketaren jarraipena egin ahal izateko.

Horrenbestez, lasterketa osagai natural eta biodegradagarriak erabiliz egingo dute. Gainera, orain arte bezala, "ibaira botako dituzten pinaburu guztiak kontrolpean izateko lana areagotuko dute, lasterketa amaitutakoan bat ere ez uzteko uretan", azaldu du Mikel Renteria WOP proiektuko zuzendariak.

Aldaketa hori gorabehera, ekimenak Estropatada izena izaten jarraituko du, "lasterketaren jatorria eta historia gogoratzeko, eta 2019an izan zuen aldaketa agerian utzi eta jasangarritasunaren alde egiteko", esan du Renteriak.

Lasterketak, hortaz, "ohiko sistemarekin jarraituko du, inoiz baino indartsuago eta jai giroan". Horrenbestez, Renteriaren esanetan, hemendik aurrera ez dute gomazko ahatetxorik uretaratuko.

Hala ere, Estropatadan parte hartzen dutenek gomazko ahatetxo baten truke aldatu ahalko dute txartela, oroigarri gisa, ahatetxoak amaitu arte eta birziklatzeko konpromisoarekin. Trukea lasterketaren amaieran eta ekainaren 17tik uztailaren 16ra arte egin ahalko da, WOPek Bilboko Iparragirre kalean duen aldi baterako dendan.

Lasterketa 13:00etan hasiko da Euskalduna zubian, eta Deustuko zubian amaituko da. Festa, urtero legez, Bilboko Itsasadarra Itsas museoaren zelaigunean egingo dute.