Itxi

Gizartea

2019 Kontignentzia plana

Bidean dauden migratzaileei harrera hobea egiteko plana prestatu du Jaurlaritzak

Agentziak | Erredakzioa

Egun bakarrean 250 pertsona hartzeko azpiegitura prest dute, baita 500-600dik gora heltzen badira ere. Arreta medikua, jana eta ostatua eskainiko diete gehienez bost egunez.

1:35
Igarobideko migratzaileak

Eusko Jaurlaritzak, Gurutze Gorriaren eta Bilboko, Donostiako, Gasteizko eta Irungo udalen laguntzarekin, bidean dauden migratzaileei harrera hobea egiteko plana prestatu du. Iazkoa kontuan hartuta, egun bakarrean 250 pertsona hartzeko azpiegitura du prest Jaurlaritzak, baina behar izanez gero, 500 baino gehiago hartzekoa ere bai.

Plan horren nondik norakoak aurkeztu dituzte gaur Jonan Fernandez Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetza idazkari nagusiak eta Lide Amilibia Gizarte Politiketako sailburuordeak. Nabarmendu dutenez, plan irekia da, ekarpenak izanez gero eta egoera berrietara moldatzeko prest.

Hiru egoera aurreikusi dituzte: aurrenekoa, litekeena, egun bakarrean 250 pertsona heltzea. Kasu horretan, prest egongo dira Bilboko (100 toki), Irungo (60), Donostiako (25) eta Gasteizeko (65) aterpetxeak. Horrez gain, beharrezkoak badira beste 50 lagunentzako tokia izango da Berrizko eta Oñatiko zentroetan.

Bigarren egoera batean, "posible" jo dutena, 500 migratzaile hel daitezke egun bakarrean. Halakorik gertatzekotan, Bilboko eta Donostiako aterpetxeetan 150 lagunentzako tokia egingo lukete, eta Gasteizekoan eta Irungoan, 100 pertsonentzat, hurrenez hurren.

Hirugarren egoera bat aurreikusi dute, "salbuespenezkotzat" jo badute ere. Heldutakoak 600 baino gehiago balira, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan zazpi kokaleku aterpetxe bihurtzeko modua aurkitu du Jaurlaritzak.

Gurutze Gorriaren datuen arabera, 2018ko ekainetik 2019ko martxora Euskal Autonomia Erkidegotik (EAE) Europara bidean ziren 8.662 migratzaileri eman zaie arreta. Horietatik % 95ek bost egun igaro aurretik utzi zuten EAE; beraz, 325 lagun baino ez ziren geratu bost egun baino gehiago, eta horietatik 150 bi aste baino gehiago egon ziren Euskadin.

Eusko Jaurlaritzako ordezkariak, prentsaurrekoan. Argazka: Irekia

Amilibiak azaldu duenez, iaz bezala, uztailetik urrira espero dute etorkin gehien.

Eusko Jaurlaritzako arduradunek zehaztu dutenez, kontingentzia plan hori bidean dauden migratzaileei zuzenduta dago. Horietako batek asiloa edo nazioarteko babesa eskatuko balu, edota egoera zaurgarrian egongo balitz, beste neurri batzuk hartuko lirateke.

Igarobidean dauden migratzaileei honakoak eskaintzen zaizkie, besteak beste: osasun azterketa, senitartekoekin harremanetan jartzeko bideak, otorduak, eta gehienez, bost egunez lo egiteko ohea.