Itxi

Gizartea

Euskararen Gaitasun Agiria

EGAren azken hatsa

Luzia Zugadi | EiTB.EUS

C1 maila (EGAren baliokidea) egiaztatzeko, azterketa bakarra egingo du Jaurlaritzak aurrerantzean. Aurretik EGA zutenek, baina, ez dute berriro azterketa egin behar izango.

  • 2019ko ekainean desagertuko da EGA

    2019ko ekainean desagertuko da EGA. Argazkia: HABE

Ez da lau hamarkada betetzera heldu, baina 37 urte eman ditu euskaldunon artean berandu baino lehen betiko desagertuko den EGA azterketak. Azken deialdia indarrean da; larunbat honetan egin dute ahozko proba azterketariek.

Hala, ekainaren 28an jakinaraziko dizkiete azkeneko deialdi horretako emaitzak otsailean atariko probara aurkeztu ziren 8.000 lagunei.

Aurrera begirakoak, zehaztuta

Orain arte, euskara maila egiaztatu nahi zutenek bi aukera zituzten: Euskararen Gaitasun Agiria lortzea edo HABEren azterketa gainditzea. Udazkenetik aurrera, ordea, bigarren aukerari heldu beharko diote nahitaez euskararen gaitasuna neurtu nahi dutenek. Izan ere, C1 maila (EGAren baliokidea) egiaztatzeko, azterketa bakarra egingo du Eusko Jaurlaritzak, esan bezala, Hezkuntza Sailak kudeatutakoa desagertuko baita.

HABEko arduradunen bitartez eitb.eus-ek jakin duenez, biek ala biek maila bera egiaztatzen dute, hizkuntza ebaluatzeaz arduratzen den Europako Erreferentzia Markoaren irizpideak aintzat hartuta.

Hartara, bikoizketak saiheste aldera, azterketa bakarraren aldeko apustua egin dute, eta HABEren ziurtagiriak izango dira, beraz, euskararen idazmen, ulermen eta adierazpen maila egiaztatzeko bitarteko bakarrak. Guztira, sei mailatan neurtuko dute euskararen gaineko ezagutza, ildo europarrekin bat eginez: A1, A2, B1, B2, C1 eta C2.

HABEko ordezkarien esanetan, aldaketa honek ez du EGA azterketaren gainditze-tasarekin zerikusirik, eta legealdi honetan euskara ziurtagirien esparrua berrantolatzeko egitasmotzat jo dute erronka berria.

Zer gertatuko da EGAdunekin?

Arestian aipatu bezala, C1 maila egiaztatzen du EGAk ere. Hortaz, C1 ziurtagiriaren baliokidea izango da Euskararen Gaitasun Agiria. Horrek esan nahi du aurretik EGA zutenek ez dutela berriro azterketa egin behar izango.

Deialdiei dagokienez, orain arteko bideari eutsiko diote: deialdi irekiak egongo dira, nahi duten guztiek aurkeztu ahal izateko, eta deialdi itxiak, euskaltegietako ikasleei zuzendutakoak. Beraz, C1 eskuratu nahi duen pertsona orok, euskaltegira joateko aukera izango du, aurretik zeukan maila hobetze aldera.

Azterketa berriaren egitura

Berritze prozesu horretan, aldaketaren bat edo beste izango du azterketak; nagusia, ez duela atariko probarik izango. Hain zuzen ere, lau atal hauek gainditu beharko ditu azterketariak: irakurmen-proba, idazmen-proba, entzumen-proba eta mintzamen-proba.

Esanak esan, HABEk nabarmendu du azterketa berria ez dela EGA eskuratzeko azterketa baino errazagoa izango. Nolanahi dela, hainbati buruko min handiak ekarri dizkien 65 galderaz osatutako testa saihestea euskararen ezagutza maila egiaztatzeko bidean aurrera egiteko aukera izango da askorentzat.