Gizartea
Uda honetan
273 pertsona arduratuko dira Bizkaiko hondartzen segurtasunaz eta garbiketaz
eitb.eus
Hondartzen denboraldia ekainaren 1etik irailaren 30era arte izango da.
-
Bakioko hondartza. Argazkia: Ricardo Agirregomezkorta
Aurtengo hondartzen denboraldian, 273 pertsona arduratuko dira hondartzen segurtasunaz eta garbiketaz, Bizkaiko Foru Aldundiko Iraunkortasun eta Ingurune Naturaleko Sailak jakinarazi duenez.
154 soroslek osatzen dute Istripuak Prebenitzeko, Sorospen eta Laguntza Zerbitzua, 30 hondartzain izango dira eta 89 langile hondartzen garbiketa-lanez arduratuko dira.
Foru Aldundiak 5,7 milioi euro inbertituko ditu hondartzen denboraldian, ekainaren 1etik irailaren 30era bitartean.
Oro har, Istripuak Prebenitzeko, Sorospen eta Laguntza Zerbitzua emango duen lantaldea uretako 154 soroslek eta beste 19 pertsonak osatuko dute. Azken horien barruan, koordinatzaileak, logistikaren arduradunak eta laguntzeko patroiak daude. Egunero 6 koordinatzaile eta 88 sorosle izango dira lanean, 24 sorospen-postutan honetara banatuta: 7 pertsona, Arenan; 2, Areetan; 5, Ereagan; 4, Arrigunagan; 3, Gorrondatxen; 5, Barinatxen; 7, Arriatara-Atxabiribilen; 2, Muriolan; 4, Plentzian; 6, Gorlizen; 2, Armintzan; 7, Bakion; 2, Areatzatxun; 2, Laidatxun; 3, San Antonion; 2, Toñan; 6, Laidan; 4, Lagan; 2, Ean; 2, Ogellan; 3, Isuntzan; 5, Karraspion; 2, Arrigorrin eta beste pertsona bat erreten gisa.
Bizkaiko hondartza denboraldiaren aurkezpena. Argazkia: Foru Aldundia
Banderak
Aurten, aurrekoan bezala, bi banderarekin balizatuko dira ertzean "freskatzeko eremuak". Itsasoaren eta lasterren egoera dela-eta bandera gorria dagoenean jartzen dira erabiltzaileak uretara sartu ahal izateko, baina betiere hondoa ukitzen den eremutik urrundu gabe.
Berrikuntza gisa, uraren kalitatea bainua hartzeko aproposa ez denean, bandera gorriaz gain beste bandera osagarri bat jarriko dute; bigarren horrek araudiak kasu horietarako ezartzen duen sinbolo bat izango du, orain arte karteletan eta hondartzen webgunean erabili izan dena.
Erabiltzaileek 7,80ko nota ematen diote 10etik Bizkaiko hondartzei, eta iritzirik onena jaso duten alderdiak segurtasuna (8,72) eta garbiketa (7,69) izan dira.