Itxi

Gizartea

Iragarpena

Uda giroa, maiatzari agur esateko

EITB.EUS

Arratsaldetik aurrera, ostarteak zabaltzen joango dira, eta zeru urdinak eta tenperatura atseginak izango ditugu datozen egunetan. Larunbata izango da egunik onena: beroa izango da protagonista.

  • Egun eguzkitsua Deban.

    Egun eguzkitsua Deban. Argazkia: Vicente Guinea

Giro makurra atzean utzi, eta eguraldi bikaina izango dugu maiatza amaitzeko eta ekainari ekiteko. Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziak egindako iragarpenaren arabera, aroak gaur arratsaldetik aurrera egingo du hobera, eta uda giroa espero dugu ostiralerako eta larunbaterako: beroa eta zeru urdinak.

Gaur goizean, giro bustiarekin jarraituko dugu, eta euria egingo du, bereziki ipar partean, baina eguerditik aurrera atertu egingo du, eta apurka-apurka argitzeko joera hartuko du; eguna ostarte zabalekin amaituko dugu. Haizea ipar-mendebaldetik sartuko da, baina indarra galdu, eta epeltzera egingo du, arratsaldean zabalduko diren urdinguneei esker.

Ostegunak udaberriko eguraldi eguzkitsua eta epela ekarriko digu. Goizean goiz, laino maskal batzuk ikusiko ditugu ipar partean, eta behe-lainoa sor daiteke barnealdeko bailaretan, baina berehala desagertuko dira, eta eguzkipean igaroko dugu eguna. Egunsentia fresko samarra izango da, bereziki barnealdean, baina eguneko tenperaturak nabarmen egingo du gora, eta barnealdean 25 ºC-ra gerturatuko da tenperatura; kostaldean, beroenak 20 ºC-koak izango dira, brisa altxatuko baita.

Ostiralean, uda itxura hartuko du giroak. Zeruak oskarbiari eutsiko dio, eta, eguzkia dela eta, tenperaturak beste koska bat egingo du gora. Ondorioz, bero egingo du, batez ere barnealdean; bertan, termometroa 25 eta 30 ºC artean izango da. Kostaldean, brisaren eraginez, tenperatura ez da horrenbeste igoko, eta balio altuenak 25 ºC-tik behera geratuko dira.

Joeraren arabera, larunbata giro apartarekin etorriko da, eta barnealdean sargori puntua izango da, 30 ºC-tik gorako tenperaturak espero baitira. Igandean, eguraldi egonkorra izango da iragarpenaren arabera. Dena dela, kostaldean lainotuago eta epelago egongo da, ipar haizearen eraginez. Barnealdean, berriz, bero egiten jarraituko du.