Itxi

Gizartea

Klima aldaketa

Klima aldaketaren kontrako nazioarteko greba orokorra deitu du Greta Thunbergek

agentziak | erredakzioa

Irailaren 27rako antolatu dute greba eguna. Klima aldaketaren aurkako borrokarekin bat egiteko deia luzatu dio Greta Thunberg aktibista gazteak munduari.

  • Gazte ekologistak "Fridays for Future" greban, martxoan. Artxiboko argazkia: EiTB

    Gazte ekologistak "Fridays for Future" greban, martxoan. Artxiboko argazkia: EiTB

Klima aldaketaren kontrako nazioarteko greba orokorra deitu dute Greta Thunberg aktibistak eta hainbat gazte ekologistek, Süddeutscge Zeitung egunkari alemaniarrean argitaratutako gutun batean azaldu dutenaren arabera. Irailaren 27rako deitu dute greba.

Ia 50 gazte ekologistak sinatu dute egunkarian argitaratutako gutuna. Gizarte osoari inplikazioa eskatzen diote berotegi-efektuaren kontrako borrokan, bihar eta irailean. “Bihar, ostirala, gure ahotsa entzungo dute berriz kaleetan, baina ezin dugu bakarrik egin”. Izan ere, maiatzaren 24an, Fridays For Future ikasle mugimenduak greba egingo du, politikariei neurriak eskatzeko asmoz. Orotara, 114 herrialdetako 1.500 hiritan egingo dute.

Irailaren 20ko grebari dagokionez, gutunean bertan eman dituzte horri buruzko azalpenak. “Nazioarteko greba orokorra hasiko dugu, eta gizarteari eskatzen diogu parte har dezan. Hainbat ekitaldi egongo dira munduko zenbait lekutan horren alde egiteko. Kalera atera bizilagunarekin, lankideekin, lagunekin edo familiarekin, gure ahotsa entzun dadin”. “Egun historikoa” izatea espero dutela gaineratu dute.

Helburuen artean, helduen inplikazioa lortu nahi dute. Jarrera pasibo batetik jarrera aktibo batera igarotzea, izan ere, “denek lagundu dezakete eta lagundu behar dute”, borrokan “denak behar baititugu”.

Protesta jendetsua” eta “ekimen kolektiboak” eskatu dituzte, politikariei presioa egiteko, batetik, eta klima aldaketari aurre egiteko neurriak bermatzeko, bestetik. “Zu ere behar zaitugu”, gaineratu dute gutunaren amaieran.

Gutuna sinatu dutenen artean, besteak beste, belgikarrak, alemaniarrak, suitzarrak, britainiarrak, estatubatuarrak, frantsesak, malaysiarrak, hegoafrikarrak, australiarrak, herbeheretarrak, indiarrak, japoniarrak eta txiletarrak daude.

Greta Thunberg suediarrak abiatu zuen Fridays For Future mugimendua, abuztuan. Ostiralero, klasera joateari uko egin zion 15 urteko aktibistak, eta Suediako Parlamentura joaten zen politikariei klima aldaketari aurre egiteko neurriak eskatzera. Handik aurrera, nazioartean ikur bihurtu da berotegi efektuaren kontrako borrokan.