Gizartea
Ibar auzia
Nola aldatuko da Pablo Ibarren bizitza biziarteko kartzela-zigorraren ostean?
EiTB.EUS
Euskal jatorriko AEBko presoaren aitak esan duenez, 'kaiola baten egon beharrean, ikasteko edo ofizio bat edukitzeko aukera izango du aurrerantzean Pablok'.
-
Pablo Ibar, EFEren artxiboko irudia
Irribarrea aurpegian, baina nekatuta. Halaxe erantzun die bart Candido Ibar Pablo Ibarren aitak EiTBren galderei. Semeari biziarteko kartzela-zigorra ezarri dio Floridako epaimahai batek. Epaiak euskal jatorriko AEBko presoaren bizitza zelan aldatuko duen galdetuta, honakoa erantzun du Candido aitak: "Bi bider hiru metroko kaiola batean egon beharrean, ikasteko edo ofizio bat edukitzeko aukera izango du aurrerantzean".
Epaia "garaipena" izan dela uste du Ibarrek, "heriotza zigorra betiko saihestu dugulako". Horrez gain, heriotzaren korridoretik ateratzeak nabarmen hobetuko du Pablo Ibarren bizimodua. Beste kartzela batera eramango dute: "Ez dakigu nora, Floridan dauden lauretako batera, baina onerako izango da". Familiak eta lagunek, "gela itxi batean baino, kanpoan" bisitatu ahalko dute presoa. "Paseoak eman ahalko ditugu", Candido Ibarren hitzetan.
Pablo Ibarren egunerokoa ere aldatuko da, "bi bider hiru metroko kaiola batean egon beharrean, ikasteko edo ofizio bat edukitzeko aukera" izango duelako, haren esanetan. "Alde handia izango da", erantsi du Candido Ibarrek.
Heriotza saihestuta arindua hartu badute ere, familiak "borrokatzen" jarraitu beharko du. Defentsak hilabete dauka apelazioa eskatzeko, eta beste sei, aurkezteko. Floridako Apelazio Auzitegiak, baina, ez du eperik erantzuteko. "Bi edo hiru urte izan daitezke, orain arte bezala", argitu du.
Candido Ibarren esanetan, "askorik ez, baina oraindik geratzen zaizkigu indarrak borrokatzeko. Ni bizi naizen artean behintzat, horrela jarraituko dugu".