Itxi

Gizartea

PABLO IBAR KASUA

Epaiketa errepikatuta ere, Ibar ez dute inoiz heriotza-zigorrera kondenatuko

EITB.EUS

Candido Ibar Pablo Ibarren aitak lasaitua hartu du, bi aukeren artean (heriotza-zigorra eta betiko kartzela-zigorra) onena zela iritzita.

  • Pablo Ibar, epaiketan

    Pablo Ibar, epaiketan. Artxiboko argazkia: EiTB

Atzo ordu eta erdiz deliberatzen egon ostean, epaimahaiak betiko kartzela-zigorra ezarri zion Pablo Ibarri, euskal jatorriko estatubatuarrari. Izan ere, herri-epaimahaiak ez zuen zinpeko guztien adostasuna lortu, eta hori ezinbesteko baldintza zen Ibarri heriotza-zigorra jartzeko. Beraz, Ibarrek betiko egin dio iskin heriotza-zigorrari. Epaiketa berriro egitekotan, fiskalak ezingo du heriotza-zigorra eskatu.

Zigorraren berri izan ostean, lasaitua hartu du Candido Ibarrek, Pabloren aitak. "Hemendik garaile ateratzen garen lehen aldia da", esan zuen ETBko kameraren aurrean egindako adierazpenetan. "Epaiketa ez zen ongi atera, errudun jo zuten, baina epaia aldekoa da behintzat. Ez da heriotza-zigorra", adierazi zuen.

Pozik mintzatu zen, bi aukeren artean (heriotza-zigorra eta betiko kartzela-zigorra) onena zela iritzita. Behin betiko heriotza-zigorraren mamua gainetik kendu izana ere izan zuen hizpide: "Heriotza-zigorra betiko kendu dugu gainetik behintzat. Beste epaiketa bat egitekotan, ezingo dute heriotza-zigorrera kondenatu. Garaipen bat da".

Pablo Ibarren bizitza nola aldatuko den galdetuta, hainbat kontu aipatu ditu Candido Ibarrek. Hasteko, epe laburrean, beste kartzela batera lekualdatuko dute, Floridan dauden lau horietako batera. Horrez gain, kartzela barruko bizimodua ere aldatuko da Pablorentzat. Esaterako, ikasketak egiteko edo ofizio bat ikasteko aukera izango du. Bisitei dagokienez, aurrerantzean, senideak bisitatzera joan ahalko zaizkio. Azken hiru urteetan, pantaila baten bidez soilik ikusi ahal izan dute, eta aurrerantzean elkar besarkatu ahal izango dute.

Dena dela, borroka ez dela amaitu azpimarratu zuen Candido Ibarrek.

Ildo beretik mintzatu zen Tanya Ibar (Pablo Ibarren emaztea) ere: "Hau ez da guk hasieran nahi genuena, baina bizitza da behintzat, eta hori ospatu beharrekoa da, pozik egotekoa". Pozik mintzatu da, besteak beste, ez duelako berriro heriotzaren korridorera itzuli beharko eta ez dituelako 7 eta 12 urteko semeak goi segurtasuneko kartzela batera eraman beharko.

Andres Krakenberger Pablo Ibar Heriotza-zigorraren aurkako elkarteko bozeramailea pozik mintzatu zen heriotza-zigorrari iskin egitea lortu dutelako. Haren hitzetan, "neurri batean albiste ona da heriotza-zigorraren arriskuari aurre egin behar izango ez diolako".

"Apelazioan epaiketa lehengoratzea, errepikatzea eta berriro hutsetik hastea lortzen badugu, eta hori da orain helburua, Fiskaltzak ezingo du heriotza-zigorra eskatu", nabarmendu zuen Krakenbergerrek.

Pablo Ibarren abokatuetako batek, Joe Nascimentok, aurreratu zuenez, ahal bezain pronto aurkeztuko dute helegitea, epaiketa berriro egitea eskatzeko. "Gaur ospatzen ari gara, baina hutsune bat daukagu betiko kartzela jarri diotelako". Abokatuaren iritziz, hasierako eskaria atzera botako dute eta horren ondotik apelazioaren bidea hasiko da, urteak iraungo duena. Hain zuzen ere, 6 urte iraun dezake prozesuak.