Gizartea
FLORIDA
Pablo Ibar 'gizon ona' dela esan dio haren emazteak epaimahaiari, negar zotinka
EITB.EUS
Tanya Ibar izan da epaimahaiaren aurrean deklaratzen azkena. Asteazkenean azken argudioak entzun ostean, epaimahaiak biziarteko kartzela zigorraren eta heriotza zigorraren artean erabakiko du.
Pablo Ibarren zigorra erabakitzeko hirugarren auzi saioan, Tanya Ibar Quiñones Pablo Ibarren emazteak hitz egin zuen. Atzoko saioan, negar zotinka zuzendu zitzaion epaimahaiari, haren senarra "gizon ona" dela adieraziz. Emaztearen adierazpenak entzutean, hunkituta, malkoak isuri zituen Ibarrek. Astelehenean hasitakoari jarraituz, defentsaren lekukoen txanda izan zen atzo.
Hain zuzen ere, Tanya Ibar izan zen epaimahaiaren aurrean deklaratzen azkena. Gaur, aldeek azken argudioak aurkeztuko dituzte, eta, ondoren, deliberatzera joango dira epaimahaiko kideak.
Kontakizun hunkigarri batean, malkoei eutsi ezinda, senarra "gizon ona" eta aita "eredugarria" dela eta 7 eta 12 urteko semeek "miretsi" egiten dutela esan du Tanya Ibarrek.
Haren esanetan, egia ezagutzen duelako eta errugabea dela badakielako daramatza azken 21 urteak bere alboan, "borrokan", nahiz eta senarrak bere bizitza berregiteko proposatu dion.
Senarra zenbat maite duen azpimarratu ostean, elkarrekin daramatzaten urteen errepasoa egin zuen. Gaineratu zuenez, denbora honetan Ibarrek bere familiaren babesa izan du beti.
Negar artean, Ibarrek ezkontzako azken urteurrenean bidali zion postala irakurri du. Bertan, bera bere bizitzako gauzarik inportanteena dela esaten zion. Amaieran, bera gabe ezin duela bere bizitza imajinatu azpimarratu zuen.
Epaiketan hitz egin aurretik, epaimahaia osatzen duten 12 kideetako bati behintzat "bihotza" samurtzea espero zuela adierazi zuen. Izan ere, heriotzara kondenatzeko, epaimahaiak aho batez hartu beharko du erabakia. Erabateko adostasunik izan ezean, biziarteko kartzela zigorra ezarriko diote.
Bihar aurkeztuko dituzte bi aldeek asken argudioak eta segituan deliberatzera joango dira epaimahaiko kideak. Gutxi falta da erabakia jakiteko. Gaurko saioa ondo joan dela uste dute senideek, baina badakite edozer gertatu daitekeela @eitbAlbisteak pic.twitter.com/CZYAfmczWp
— Amaia Uribe (@amaia_uribe) 21 de mayo de 2019
Gaurtik aurrera, deliberatzera joango dira epaimahaiko kideak.