Gizartea
Elkartasun besarkada
Durangok pertsona migratzaile eta errefuxiatuak besarkatuko ditu igande honetan
Agentziak | Erredakzioa
11:45 aldera, eskutik helduta zortzi zutabek giza kateak osatuko dituzte, eta isilean Ezkurdi plazatik Landako gunera joango dira bi bidetik.
Estatu osoko 250 elkarte, erakunde, sindikatu, kolektibo eta plataforma baino gehiago batu dira pertsona migratzaile eta errefuxiatuak babesteko manifestua sinatzeko. Bestalde, Europa mailan aldibereko 'elkartasun besarkada' bat antolatu dute herri eta hirietan. Euskadin igande honetan egingo dute, Durangoko (Bizkaia) Ezkurdi plazan, eguerdian.
Ekimena ostegun honetan aurkeztu dute, Bilbon, eta, besteak beste, hauek daude sinatzaileen artean: Bernardo Atxaga, Adela Asua, Garbiñe Biurrun, Daniel Innerarity, Ramon Saizarbitoria, Anjel Lertxundi, Kirmen Uribe, Pello Salaburu, Edurne Portela, Lourdes Oñederra eta Maixabel Lasa.
"Herrien, Pertsonen eta Giza Eskubideen Besarkada" Ongi Etorri Errefuxiatuak eta Mugarik gabeko Karabana kolektiboek antolatu dute Euskadi mailan. "Europako immigrazio politikaren eta neofaxismoaren aurkako herritarren erresistentziaren ikur izango da besarkada kolektiboa", horien esanetan.
Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala betetzea eskatzen du manifestuak. Pertsona migratzaile guztiak aske mugitu ahal izatea eta Europako gainerako biztanleen eskubide berberak izatea nahi dute, eta kanporatzeak eta arma ekoizpen zein salmenta bertan behera uztea eta politika ekonomiko eta komertzialak aldatzea eskatu dute.
Era berean, giza eskubideekin bateragarriak diren migrazio politikak aldarrikatu dituzte, eta kanporaketekin bukatzea eta igarobide seguruak ezartzea eskatu dute.
Europan "gobernu autoritario eta estremistak zein kontserbadoreak, baita zentro-ezkerrekoak ere, errefuxiatuenganako eta migratzaileenganako elkartasuna kriminalizatzen ari dira", horien arabera. "Bizitzak salbatzea, elkartasuna adieraztea eta pertsonak babestea, artatzea, defendatzea eta aukera berri bat topatzen laguntzea delitu bihurtu da", salatu dute.
Maria Juncay, Onintza Enbeita, Ana Urrutia, Hassima Aalla eta Luis Arbide izan dira Bilbon manifestua irakurtzeko arduradunak. "Kriminalizazioa gelditzeko ordua da, pertsona eta erakunde horiek maila lokalean, nazionalean eta nazioartean babesteko eta defendatzen dituzten balioak goraipatzeko", erantsi dute.
Egitaraua
Ekitaldia 11:30 aldera hasiko da igandean. Informazioa emateko guneak jarriko dituzte, bertara joaten direnei ekimena aurkeztu eta azaltzeko.
11:45 aldera, eskutik helduta, zortzi zutabek giza kateak osatuko dituzte, eta isilean Ezkurdi plazatik Landako gunera joango dira bi bidetik. Zutabeek aurrera egiten duten bitartean, Europako mugetan hildako 35.000 pertsona baino gehiagoren izenak irakurriko dituzte.
Landako pabiloian, bi giza kateek bat egin eta eraikina inguratuko dute, besarkada kolektiboarekin bukatzeko. Gainera, "besoak jaso eta txaloak joko dituzte, bihotzaren taupadak sinbolizatzeko", zehaztu dutenez.
Ondoren, zortzi pertsonak, gizarte mugimenduetako zortzi zutabeen izenean, Unai Iturriaga bertsolariak idatzitako testu bat irakurriko dute, eta irakurketaren lekukoa besarkada batean emango diote elkarri. Bertan bilduko diren pertsonetako batek bonbardaketa frankistaren biktimak ordezkatuko ditu.