Gizartea
Erasoa
Bi ertzain ikertu dituzte Getxoko ertzain-etxean emakume bati erasotzeagatik
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Dirudienez, "eskale" bat identifikatzera joan ziren unean agenteei aurre egiteagatik atxilotu zuten emakumea. Ertzain-etxera eraman, eta han kolpatu egin zuten.
Bi ertzainek ikertu gisa deklaratu dute Getxoko Lehen Auzialdiko eta Instrukzioko 4. Epaitegian, udalerri horretako ertzain-etxean 2018ko maiatzean atxilotutako emakume bati eraso egiteagatik, El Correo egunkariak jakitera eman duenez.
Segurtasun Saileko iturriek ez dute gertatutakoari buruzko xehetasunik eman, baina iazko maiatzeko gertaera azaltzen saiatu dira.
Aipatu egunkariak argitaratutakoaren arabera, emakume eta gizon batek deklaratu zuten otsailaren amaieran. Antza denez, 2018ko maiatzaren 26an gertatutakoa ertzain-etxeko kamera batek grabatu zuen.
Egun horretan, "eskale" bat identifikatzera joan zirenean atxilotu zuten 42 urteko emakumea, agenteei aurre egiteagatik.
Hain zuzen ere, biktima ertzain-etxera eramateaz arduratu ziren bi ertzainak dira auzi honetan ikertzen ari direnak. Izan ere, horietako batek zaplazteko bat eta hiru ukabilkada eman zizkion emakumeari, agenteek emandako aginduak ez omen zituelako bete.
El Correoren arabera, inputatutako bi ertzainek lesioak egiteagatik eta agintaritzaren aurkako atentatuagatik salatu zuten emakumea. 2018ko maiatzaren 27an jarri zuten salaketa, eta handik gutxira biktimak bi agenteak salatu zituen.
Hori dela eta, otsailaren amaieran ikertu gisa deklaratu zuten biek. Epaiketan, emakumea kolpatu zuen agenteak esan zuen bere lankidearen "segurtasuna kolokan" ikusi zuelako jo zuela atxilotua. Beste ertzainak, berriz, zera adierazi zuen: "Haien arteko tirabira gelditzen saiatu nintzen, baina ez nuen kolperik ikusi. Oso arin gertatu zen dena".
Gertatutakoa "argitzeko" "erabateko borondatea" adierazi du Segurtasun Sailak
Albistea publiko egin ostean, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak Getxoko ertzain-etxean gertaturikoa "argitzeko" "erabateko borondatea" agertu du, Segurtasun Sailak Europa Press albiste agentziari adierazi dionez.
Dena den, Segurtasun Sailetik gertaerak baieztatzea saihestu dute.