Gizartea
Misio humanitarioa
'Aita Mari' Lesbos uhartera heldu da
EITB.EUS
Ontzia asteartean abiatu zen Palmatik, eta botikak, arropa eta bestelako produktuak banatuko ditu Greziako uharteetan bizirauten ari diren 14.000 errefuxiatuen artean.
Salvamento Maritimo Humanitario (SMH) gobernuz kanpoko elkartearen Aita Mari ontzia astelehen honetan heldu da Lesbos uhartera (Grezia), Kios uhartetik, ia astebetez Mediterraneoan barrena ibili ostean. Botikak, arropak eta lehen beharrizaneko produktuak daramatza ontziak, Greziako Lesbos eta Kios uharteetan baldintza zailetan dauden 14.000 errefuxiatuen artean banatzeko.
Salbamenduko ontzia asteartean atera zen Palmako portutik, Espainiako Itsas Agintaritzak emandako behin betiko baimena lortuta. Hiru hilabetez ez atzera ez aurrera egon da behinola atun-ontzia zena, izan ere, Espainiak Greziara joatea galarazi zion behin eta berriz. Azkeneko debekua apirila hasiera jaso zuen Aita Mari-k, Portugaleko agintariena lortua bazuen ere.
Dena dela, Espainiak emandako baimenean ohartarazpena erantsi zuen Itsas Agintaritzak: Mediterraneoan salbamendu lanak eginez gero, 300.000 eta 901.000 euro bitarteko isuna jaso zezakeen Aita Mari-k, "salbamendu lanak legez derrigorrezkoak diren arren", salatu dute SMHko kideek.
Aita Mari-k botikak, arropak eta lehen beharrizaneko produktuak bildu zituen Gipuzkoan, Coruñan eta Mallorcan. Gobernuz kanpoko erakundearen arabera, 14.000 errefuxiatu baino gehiago daude Kiosen eta Lesbosen, kanpaleku eta kanpin dendetan bizirauten, asilo eskaera noiz erantzun zain.