Itxi

Gizartea

Protesta

Mediterraneoko 'migrazio holokaustoa' salatu du Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformak

Agentziak | Erredakzioa

Horren arabera, azken 25 urteetan 35.000 pertsona hil dira itsaso horretan. Agintari eta alderdi politikoei zuzendu zaie 'esku hartzeko eta heriotza politikoei amaiera emateko'.

1:49
Lore-koroa Bilboko Atzerritarren Bulegoaren atarain

Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformak Europako gobernuen "pasibotasuna" salatu du Mediterraneo itsasoan gertatzen ari den "migrazio holokaustoa"ren aurrean. Plataformaren hitzetan, azken 25 urteotan 35.000 pertsona migratzaile hil dira itsaso horretan.

Heriotzok Bilbon goizean egin duten protesta ekintza batekin gogoan hartu nahi izan ditu elkarteak. Lore-koro bat paratu dute atzerri bulegoaren aurrean.

Dani Gutierrez Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformako bozeramaileak alderdi politikoei zuzendu zaie, eta eskatu die egoeraren larriaren aurrean "esku har dezaten, eta alda ditzatela migrazio politikak, heriotza politikak baino ez diren horiek".

'Aita Mari' erreskate ontziaren egoera ere salatu du Gutierrezek. Ontzia ez atzera ez aurrera dabil Algecirasetik gertu, Portugalen baimena izan arren, Espainiako Itsas Agintaritzak Espainiako Estatuko portu batean geratzeko eta beharrezko baimena eskuratzeko eskatu diolako.

"Beste jarrera bat behar dugu, giza eskubideen, bizitzaren eta duintasunaren aldeko jarrera bat", azpimarratu du. Gutierrezek gogor salatu du PSOEren Gobernuak auzi horretan egindako kudeaketa: "Ustez ezkerreko gobernua da. Zer gertatuko litzateke eskuineko bat balego?".

Azkenik, maiatzaren 5ean Durangon egingo duten ekitaldi batean parte hartzeko deia egin du Gutierrezek: "Herrien, Pertsonen eta Giza Eskubideen Besarkada" lelopean antolatutako ekimen europarrean, alegia.