Itxi

Gizartea

EuskarAbentura

121 gaztek 798 kilometro egingo dituzte uztailean, Mauletik Getxora

EITB.EUS

Euskal Herriko eta diasporako 80 neska eta 41 mutil aterako dira uztailaren 1ean Zuberoako hiriburutik.

  • 2019ko EuskarAbentura espedizioaren ibilbidea

    2019ko EuskarAbentura espedizioaren ibilbidea. Argazkia: EuskarAbentura

Bigarren urtez jarraian, 16 eta 17 urte bitarteko 121 gaztek Euskal Herrian barrena ibilaldia egingo dute uztailaren 1etik 31ra bitartean, EuskarAbentura elkarteak ohar bidez jakinarazi duenez.

Maulen hasi eta Getxoraino, orotara 798 kilometro egingo dituzte 31 etapatan, horietatik 483 oinez.

Done Jakue bide ezberdinak jarraituz, zazpi hiriburuak ez ezik, Unescok Gizateriaren Ondare izendatutako guneak bisitatuko dituzte, bai eta Euskal Herriko natura-ondasun eta ondasun historiko nahiz kulturalaren adierazle diren lekuak ere.

Programa oraindik borobiltzeko badago ere, EuskarAbenturazaleek ("jzioquitarrak" ) hainbat toki bisitatuko dituzte, besteak beste, Orreagako Kolegiata, Gesaltzako gatzagak, Pasaiako Albaola Itsas Kultur Faktoria eta Gernikako Juntetxea.

Bestalde, aldiro-aldiro, hainbat esparrutako profesionalak batuko dira espediziora gazteekin ordu batzuk konpartitu eta askotariko jakintzak elkar trukatzeko.

Eusko Ikaskuntzako eta PuntEUS Fundazioko 20 kide aritu dira jasotako 263 proposamen nahiz motibazio gutunak ebaluatzen. Epaimahaiak 80 neska eta 41 mutil hautatu ditu.

Jatorriari dagokionez, EuskarAbentura 2019 espediziorako hautatutako 121 gazteetatik % 37 Bizkaikoak dira, % 22 Gipuzkoakoak, %21 Nafarroakoak, %12 Arabakoak eta %5 Lapurdikoak. Halaber, Behe Nafarroako eta diasporako ordezkari bana izango da.