Gizartea
Migrazio krisia
Espainiak galarazi egin dio 'Aita Mari'ri Greziara giza laguntza eramatea
eitb.eus
Portugalen baimena izan arren, Espainiako Itsas Agintaritzak Espainiako Estatuko portu batean geratzeko eta beharrezko baimena eskuratzeko eskatu dio.
-
'Aita Mari'. Argazkia: EiTB
Espainiako Itsas Agintaritzak galarazi egin dio Aita Mari itsasontziari Greziako irletara joatea giza-laguntza eramatera, Giza Itsas Salbamenduak (SMH) jakitera eman duenez. Espainiako itsas erakundeak Espainiako Estatuko portu batean gelditzea eta dagokion baimena eskuratzea exijitu dio itsasontziari, nahiz eta Portugalek emana dion.
Egoera horretan, itsasontzia noraezean dabil itsaso zabalean, Algecirasetik gertu, eskatzen dioten baimenik gabe ezin baitu Mediterranioan barrena Greziarantz nabigatu.
Lisboan Aita Marik Portugalgo agintarien baimena jaso zuen giza laguntza garraiatzeko (medikuentzako materiala, esne hautsa haurrentzat eta beste oinarrizko higiene produktu batzuk) Lesbosera, eta horixe jakinarazi diete Espainiako arduradunei.
Hori horrela, SMHk salatu du Espainia Portugalgo Itsas Agintaritzaren erabakiaren aurka jokatzen ari dela.
Aipatu iturrien arabera, Egeoko irletan 14.900 pertsona daude asilo eskaeraren inguruko erabakiaren zain, inora joan ezinda, eta Aita Mariren erizaintza eta osasun materialak nabarmen hobetuko luke kanpalekuen egoera.
Egoera argitu arte, administrazio helegiteari buruzko erabakiaren zain, Aita Marik ez du salbamendu lanik egingo, SMHk jakinarazi duenez.
Itsasontziak 3 hilabete beteko ditu apirilaren 18an geldiarazi zutenetik, eta ordutik bere jarduna politika horiek salatzea izanda, migratzaileen heriotzak eragiten dituela iritzita.