Gizartea
Eutanasia
Fiskaltza: 'Emazteari hiltzen lagundu zion gizonaren kasua ez da indarkeria matxista'
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Angel Hernandezek emazteari hiltzen lagundu zion eta epaileak kasua emakumeen aurkako indarkeriaren epaitegiaren esku utzi du. Fiskaltza ez dago ados eta helegitea jarriko du.
-
Angel Hernandez, emazteari hiltzen lagundu zion gizona. Argazkia: EFE
Angel Hernandezek emazteari hiltzen lagundu zion eta Madrilgo epaile batek auzia emakumeen aurkako indarkeriaren epaitegi baten esku utzi du.
Erabaki horrek hautsak harrotu ditu, eta auzipetuak berak nahiz Fiskaltzak helegitea jarriko dutela iragarri dute.
Pilar Martin Najera indarkeria matxista kasuak ikertzeko fiskalak esan du ez datorrela bat Madrilgo 25. instrukzio epaitegiko epaileak hartutako erabakiarekin, ezta hark emandako argudioekin ere.
Maria Jose Carrasco esklerosi anizkoitzak jota bizi zen, eta joan den astean, senarraren laguntzarekin bere burua hil zuen.
Fiskalak esan du hori ez dela indarkeria matxista, eta epaileak erabaki hori hartzeko aztertu dituen ebazpenetatik ondorio okerra atera duela erantsi du.
Ildo berean, azpimarratu du Maria Josek sarritan eta publikoki adierazi zuela hiltzeko borondatea.
Heriotza publiko egin ostean, Angel Hernandez atxilotu egin zuten, eta handik gutxira karguekin aske geratu zen. Suizidatzeko laguntza ematea leporatzen diote eta, ondorioz, bi eta hamar urte arteko kartzela-zigorra ezar diezaiokete.