Itxi

Gizartea

SUIZIDIO LAGUNDUA

Genero indarkeriako epaitegi batek ikertuko du emazteari hiltzen lagundu zion gizona

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Esklerosi anizkoitza zuen Maria Jose Carrasco emazteari hiltzen lagundu ziola onartu zuen Angel Hernandezek epailearen aurrean. Kasuak norabide berri bat hartu du orain.

  • Angel Hernandez

    Angel Hernandez. Argazkia: EFE

Madrilgo epaitegi batek emakumeen aurkako indarkeriaren arloko epaitegi batera bideratu du esklerosi anizkoitza zuen Maria Jose Carrasco emazteari hiltzen lagundu zion Angel Hernandez gizonaren kasua, iturri juridikoek EFEri baieztatu diotenez.

Madrilgo 25. Instrukzio Epaitegiko epailearen erabaki horren ondorioz, kasuak norabide berri bat hartu du orain.

Guardian zegoen Madrilgo 36. Epaitegiko epailearen aurrean egindako deklarazioan, gaixo zegoen emazteari hiltzen lagundu ziola aitortu zuen Angel Hernandezek. Deklaratu ostean, kautelazko neurririk gabe aske gelditu zen. Dena den, suizidio lagundua leporatzen diote eta horren kontrako ikerketak aurrera jarraitzen du.

Madrilgo 36. Epaitegiak 25. Epaitegiaren esku utzi zuen auzia, eta orain azken horrek emakumeen kontrako indarkeria kasuetarako epaitegi batera bideratu du.

Genero indarkeriaren kontrako legea eta Auzitegi Gorenaren doktrina erabili ditu epaileak bere erabakia arrazoitzeko. Gorenaren doktrinaren arabera, hiltzailearen emazte edo bikotekide izan direnen hilketak edo heriotzak horretarako bereziki sortutako epaitegiek ikertu behar dituzte.

Emazteari bere buruaz beste egiten laguntzeagatik, 2 eta 10 urte bitarteko kartzela zigorra ezar diezaiokete.