Itxi

Gizartea

Zientzia eta Teknologia

Eugene Chulkov fisikariak 2018ko Euskadi Ikerketa Saria jaso du

eitb.eus

Chulkovek ekarpen esanguratsuak egin ditu materia kondentsatuaren fisikaren eremuan, bereziki egoera solidoaren fisikan eta gainazalen fisikan.

  • Eugene Chulkov irakaslea bere bulegoan

    Eugene Chulkov fisikariak 2018ko Euskadi Ikerketa Saria jaso du. Argazkia: Irekia

2018ko Euskadi Ikerkuntza Saria EHUko Materialen Fisika Saileko Katedradun eta Donostia International Physics Center-eko (DIPC) ikertzaile Eugene Chulkov fisikariak jaso du, epaimahaiaren erabakiz.

Zientzia eta Teknologia arloan entzute handiko bost ikerlarik osatutako epaimahaiak aho batez onartu du azken hamarkadetan Euskadin errotua dagoen ikerlari errusiarraren aldeko ebazpena, 23. edizio honetan aurkeztutako hamar hautagaien artean aukeratzeko goiza Bilbon elkartuta eman ondoren.

Ebazpena izan bezain laster, Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak sarituari berari eman dio erabakiaren berri, telefono bidez.

Hezkuntza Sailak urtero deitzen du Euskadi Ikerkuntza Saria. Urte bikoitietan,  2018ko deialdiaren kasua, Zientzia eta Teknologia modalitatean egiten da deialdia; urte bakoitietan aldiz, Gizarte-Zientzien eta Humanitateen arloko profesionalen lana aitortzen du sariak.

Euskadi Ikerkuntza Sariak jarduera zientifikoa sustatzea du helburu nagusia, bai eta honako beste hau ere: Euskal Autonomia Erkidegoko eta Euskal Autonomia Erkidegotik kanpoko ikertzaileek eta talde kualifikatuek egiten dituzten ahaleginak sustatzea eta bultzatzea, betiere horien lanak oso eragin positiboa badu Euskadin.

Chulkovek ekarpen esanguratsuak egin ditu materia kondentsatuaren fisikaren eremuan, bereziki egoera solidoaren fisikan eta gainazalen fisikan.

Chulkov irakaslearen lana hainbat esperimenturen jatorri izan da, kuasipartikulen eszitazioen desintegrazioaren mekanismoak eta batez besteko bizi-denborak, tunel espektroskopia eta angeluz bereizitako fotoemisio-espektroskopia ikertzeko.

Chulkov irakasleak Errusiako Tomsk-eko Unibertsitate Estataleko Zientzia Fisiko-Matematikoetako gradua eta doktoregoa eskuratu zituen, eta Euskadirekin 1995ean hasi zen harremanak izaten, UPV/EHUn irakasle gonbidatu gisa egonaldi bat egin ondoren, gainazal metalikoetan elektroien dinamikaren inguruko proiektua garatzeko. Proiektua arrakastatsua izan zen eta horrek sendotu egin zuen Chulkov irakaslearen eta Euskal Herriko Unibertsitatearen arteko harremana; 2000. urtetik aurrera kontratu-harremana du eta harrezkero Donostia International Physics Center abiarazten lagundu zuen, mundu osoan kuasipartikulen dinamikaren eremuko fisikari eta kimikarientzat erakarpen-polo gisa. Horrela, lankidetza estuak izan dira Europako, Estatu Batuetako eta Japoniako talde esperimental eta teoriko ugarirekin.

Eskola sortzea

Chulkov irakaslearen ekarpen zientifiko huts horiez gainera, zientzia egiteko duen moduaren alderdi oso esanguratsua ere nabarmendu du epaimahaiak: eskola sortzea. Urte hauetan, Chulkov irakaslea bere inguruan langile ikertzaileen nukleo esanguratsua eratzeko eta biltzeko gai izan da, mundu osoko puntako berrogeita hamar ikertzaile baino gehiago; DIPCra eta Donostia-San Sebastiánera bikaintasuneko eskola horrek erakarrita datoz, eta, horrela, hiria bikaintasuneko talentuaren erakarpen-polo bilakatzen da.

Epaimahaiak Eugene V. Chulkov irakaslean bere irakasle- eta ikertzaile-ibilbidea azpimarratu du, bai eta materia kondentsatuaren fisika teorikoan nazioartean erreferente bilakatu den ikertaldea sortu eta zuzentzea ere. Bestalde, bere ikerketa-lana ere nabarmendu du; hura goi-mailako eta inpaktu handiko hainbat argitalpenetan islatu da. Horrez gain, hitzaldi nagusi ugari eman izana eta nazio- eta nazioarte-mailako hainbat proiektutan ikertzaile nagusi gisa parte hartu izana ere nabarmendu du. Saridunak aparteko ekarpena egin die egoera solidoaren fisikaren eta gainazalen fisikaren azterlanari eta Euskadin bikaintasun zientifikoko eskola ospetsuaren sorrerari.