Itxi

Gizartea

Gasteiz

Segurtasun plan zabala prestatu dute 20.000 zale erakarriko dituen Euroligarako

Agentziak | Erredakzioa

Segurtasun integraleko dispositiboa Euroligako azken fasera sailkatzen diren taldeen arabera egokituko da. Maiatzaren 17 eta 19 artean izango da, Gasteizen.

  • Buesa Arena.

    Buesa Arena / Argazkia: EFE.

Euroligako Lauko Finalak, maiatzaren 17tik 19ra Gasteizen, segurtasun integraleko dispositibo zabal bat izango du, Arabako hiriburura joango diren 20.000 pertsona inguru kontrolpean izateko.

Europako saskibaloi lehiaketa inportanteenaren antolatzaileek esan dutenez, ekitaldiak "Euskal Herrian inoiz egin diren segurtasun dispositibo garrantzitsuenetariko bat" izango du.

Fernando Buesa Arenara joango diren zaleen % 70 atzerritarrak izango direla kalkulatzen dute. Horietako asko lagunduta etorriko dira, kantxara sartzen ez badira ere. Hiriak hartuko duen jendetza horrek lan gehigarria eskatuko die Ertzaintzari, Udaltzaingoari eta Osakidetzaren Larrialdi Zerbitzuari.

Antolaketaren arabera, "Errege Koparako edo musika jaialdietarako egiten diren dispositiboak baino askoz zabalago bat" prestatuko da. Oraindik Lauko Finalera helduko diren taldeak zehaztugabe daudenez, "agertoki posible guztiak" kontuan hartuta ari dira lanean, segurtasun mailan.

Zentzu horretan, zaleak lekualdatzeko mugikortasun agertoki bat ere proiektatu dute. Tuvisa, Arabako hiriburuko autobusen enpresa, izango da horren arduraduna. Donostia eta Bilbo ere Gasteizekin lotuko dira, bertan egingo baitu lo zaleen zati batek.

Gasteizko eta Arabako hotelak ia % 100ean daude beteta, eta Bilbon eta Donostian "oso altua" da okupatzea. Horregatik, Baskoniaren kantxa Bizkaia eta Gipuzkoarekin lotzeko zerbitzuak izango dira.

Bisitari gehienak Loiuko, ohiko hegaldietan, eta Forondako aireportuetatik, charter hegaldietan, helduko dira.

Plan horiek zehazteko, antolakuntzak Batzorde Orokorra sortu zuen 2018ko maiatzaren 29an, eta 9 bilera ezarri ditu beharrezkoa den guztia koordinatzeko, "inoiz ospatu den Lauko Final onena antolatzeko" helburuarekin, Pilar Garcia de Salazar diputatu nagusiordearen arabera. Ekitaldi "bakarra, desberdina eta berritzailea" nahi dute.

Batzorde Orokor hau marketin, mugikortasun, segurtasun eta ekitaldi paraleloen talde banak osatzen dute. 30 aldiz bildu dira, Euskal Herrian antolatu den kirol ekitaldi handienari forma emateko.

Gainera, Arabako lurraldea promozionatzeko aprobetxatu dituzte azken hilabeteak, 15 herrialdetan, 8 hizkuntzatan eta Euroliga eta Eurokopako 500 partidatan ikusi diren bideoen bitartez.

Martxoan, hiru egunetan zehar, Kirol Medikuntzaren Biltzar bat antolatu zuten, nazioarteko 34 medikurekin, publikoarentzat irekia. Ostegunean, Ekitaldi Handien Inpaktu Ekonomikoari buruzko jardunaldi bat egingo dute. Ekintza paraleloen barruan, gainera, Lauko Finalaren garaikurra Arabako ikastetxeetan eta elkarteetan zehar eraman dute.

Fernando Buesa Arenan hobekuntza garrantzitsuak egin dira: pistaren argiztapena, LED euskarriak eta zale guztientzako WiFi konexio irekia. Aurki aldagelak handituko dira, lau taldeei lekua egiteko, eta prentsarako tokien kopurua bikoiztuko da. Izan ere, 600 bat kazetari akreditatuko dira.