Gizartea
Espainiako Gobernuaren neurria
Aitatasun baimena 8 astekoa izango da gaurtik aurrera
agentziak | erredakzioa
Apirilaren 1etik aurrera jaiotako haurren gurasoei eragingo die neurriak. Lehen bi asteak haurra jaio eta segituan hartu beharko dira derrigorrez eta beste seiak, geroago hartu ahal izango dira.
-
Aitatasun baimena 8 astekoa izango da astelehenetik aurrera. Argazkia: EiTB
Aitatasun baimena 8 astera luzatuko da gaurtik, apirilaren 1etik, aurrera, eta ordutik aitzina jaiotzen diren haurren gurasoei eragingo die, Espainiako Gobernuak onartu berri duen berdintasunerako premiazko lege dekretuan agertzen den moduan.
Hori horrela, haurren ama biologikoa ez diren gurasoek zortzi asteko baimena izango dute, 2018ko udatik indarrean zegoen bost asteko baimena baino hiru aste gehiago.
Lehenengo bi asteak erditzea izan den egunean hasiko dira, eta gainerako seiak gurasoek erabakiko dute noiz hartu, haurrak urtebete izan arteko epemugarekin. Baimena besterenezina da, eta % 100ean ordaindua.
Dekretua astelehen honetan indarrean sartzen bada ere, Kongresuko Diputazio Iraunkorrak (Kongresua desegin denetik indarrean dagena) onartu beharko du aurrera jarrai dezan. Berdintasun Ministerio espainiarrak Europa Pressi azaldu dionez, neurria indarrean jarriko da erabaki hori iritsi arte; gainera, ez dute aurreikusten atzera botatzeko aukera. Hain zuzen ere, asteazkenean elkartuko da Diputazio Iraunkorra, eta dirudienez, orduan hartuko dute erabakia.
Espainiako Gobernuaren dekretuan azaltzen denez, aitatasun baimena 8 astera luzatuko da 2019an, 12ra 2020an, eta 16ra 2021ean, amatasunaren pareraino. Parean jartzera iristen direnean, lehenengo sei asteak nahitaezkoak eta jarraiak izango dira, eta gainerakoa gurasoek erabakiko dute, baina haurrak urtebete izan baino lehenago.