Itxi

Gizartea

Eskola segregazioa

Ikasle etorkinentzako 'trantsizio ikasgelak' jartzeko asmoa du Hezkuntza Sailak

Agentziak | Erredakzioa

Cristina Uriarte sailburuak aurreratu duenez, neurria ikasturte honen amaieran edo datorrenean sartuko da indarrean.

  • Ama etorkin batzuk seme-alabekin.

    Ama etorkin batzuk seme-alabekin. ETBko bideo batetik ateratako argazkia

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak eskoletan "trantsizio ikasgelak" jartzeko asmoa du ikasle etorkinak laguntzeko, Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak iragarri duenez. Proiektua ikasturte honen amaieran edo datorrenean sartuko da indarrean.

Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean egin du iragarpena Uriartek, 'Atzerritar jatorriko ikasleen eskolaratzea EAEn' diagnostikoa aurkezteko saioan. Txostena azaroan aurkeztu zuten hedabideen aurrean, baina astelehenean xehe aztertu zuten Batzordean.

Txosteneko datuak¿

Txostenaren arabera, Lehen Hezkuntzako eskola publikoetan matrikulatutako ikasleen % 22,8 atzerritar jatorrikoak dira, eta, itunpekoetan, berriz, % 9,6.

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan (DBH), aldiz ez da hain nabaria sare publikoaren eta itunpeko zentroen arteko ezberdintasuna. Izan ere, nazioarteko herrialdeetan jaiotako ikasleak % 18 dira eskola publikoetan, eta itunpeko zentroetan, aldiz, % 11,6.

Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban matrikulatutako ikasleetatik, 33.079 jatorri atzerritarra dute (21.227 Lehen Hezkuntzan eta 11.852 DBHn), hots, % 15,7 dira (Lehen Hezkuntzan % 16,4 eta DBHn % 14,6).

Lurraldeka, jatorriz atzerritarrak diren ikasle gehienak Araban matrikulatuta daude (% 25 Lehen Hezkuntzan eta % 20 DBHn), izan ere, Bizkaian eta Gipuzkoan % 15 dira. Lehen Hezkuntzan, jatorri atzerritarreko ikasleen % 84 sare publikoan dago matrikulatuta Araban. Datu hori % 68koa da Gipuzkoan, eta % 67koa Bizkaian.

Arabari dagokionez, Gasteizen eta Arabako Errioxan daude matrikulatuta atzerritar jatorriko ikasle gehien. Bizkaian, Bilboko erdigunean batez ere. Alabaina, Gipuzkoan, datu hori sakabanatuago dago, izan ere, jatorriz atzerritarrak diren ikasleak udalerri askotako eskoletan eta zentroetan matrikulatuta daude.

Tokian tokiko erakundeekin lankidetza

Arazoaren konplexutasuna nabarmendu ostean, tokian tokiko erakundeekin lankidetzan aritzearen beharra azpimarratu du Uriartek. Gogorarazi duenez, etorkin familiei informazio eta orientazioa emateko guneak jarri dituzte Gasteizen, Bilbon eta Arrasaten. Etorkizunera begira ere sentsibilizazio kanpainak bultzatuko dituztela iragarri du.

Legebiltzarkideen galderei erantzunez, bakarrik heltzen diren atzerriko adingabeei laguntzeko neurriak beste administrazioekin koordinatzea "erronka" azpimarratu du. Helburua da Aldundiko zentroetatik ateratzen direnean formazioa eskura izatea da.

Datuok emanda, talde parlamentarioen bozeramaileek hartu dute hitza. Rebeka Ubera (EH Bildu) izan da kritikoenetakoa. Horren ustez, Jaurlaritzak ez du auzia "behar bezala landu" eta orain arte ez du eskola segregazioari aurre egiteko benetako borondate politikorik agertu. 

Iñigo Martinezek (Elkarrekin Podemos) uste du txostenak hainbat gabezia dituela, batez ere eskolaratzearen azterketa ekonomikoa bat falta da, hori baita, horren esanetan, segregazioaren arrazoi nagusienetakoa.

Juana de Bengoecheak (PP) beharrezko jo ditu "trantsizio ikasgelak". Nabarmendu duenez, ume asko ezagutzen ez duten hizkuntza batean eskolaratzen dira, eta horrek "samina" eragiten die eta emaitza akademikoetan ere ondorioak ditu.