Gizartea
Ordu aldaketa
Iritsi da udako ordutegia: bihar goizaldean erlojuak ordubete aurreratu beharko dira
eitb.eus
Martxoaren 31n, 02:00etan 03:00ak izango dira.
-
Argazkia: EFE
Martxoaren 30etik 31rako gauean, udako ordutegia jarriko da indarrean, eta, ondorioz, erlojuak ordubete aurreratu beharko dira: 02:00etan 03:00ak izango dira.
2001ean erabaki zuten ordua aldatzea martxoko eta urriko azken igandeetan, baina aurretik zabaldu zen, 1974an, petrolioaren lehen krisiarekin batera. Orduan, herrialde batzuek eguzki-argia gehiago aprobetxatzea eta argindar gutxiago kontsumitzea erabaki zuten. Orain, baina, aldaketa hauekin amaitzea aztertzen ari da.
Ordu-aldaketarekin, Espainiako Estatuko etxebizitzetako argiztapenean 300 milioi euro inguru aurreztuko dira (batez beste, 6 euro, etxebizitza bakoitzeko, eta 210, eraikin eta enpresa bakoitzeko), Energia Dibertsifikatu eta Aurrezteko Institutuaren (IDAE) arabera.
Ordu-aldaketaren kontra dagoenik ere bada. Horien arabera, ordu-aldaketak eragin txarra dauka gizakien eta animalien osasunean, batez ere melatoninari lotuta, proteina horrek antolatzen baitu lo egiteko ohitura.
Aldaketak eragina du gizakion gorputzean; arinak, baina osasunari lotutakoak. Adituen arabera, ondorioak behin-behinekoak dira pertsona osasuntsuen kasuan. Gorputza hiruzpalau egunetan ohitzen da udako ordutegira. Hala ere, estatistika batzuek diotenez, istripuen tasak gora egiten du apur bat ordu-aldaketaren ondorengo egunetan.
Adituek zenbait gomendio ematen dituzte aldaketari ahalik eta ondoen aurre egiteko; siesta egiteko denbora murriztu eta aldaketa egin aurreko egunetan 15 minutu lehenago jaikitzea, besteak beste.