Gizartea
Indarkeria matxista
EAEko 10 emakumetatik 7k sentitu dute beldurra gauez edo toki ilunetan
EITB.EUS
EAEko emakumeen % 22,8k intimidazioren bat jasan dute noizbait eta % 29,8k ohiturak aldatu dituzte, beldurragatik, Gizakerrek ETB2ko '360º' saioarentzat egindako inkestaren arabera.
-
Iturria: GizakerIturria:Gziaker
Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) emakumeen % 68,3k beldurra sentitu dute noizbait gauez edo toki ilunetatik bakarrik igarotzerakoan, Gizaker enpresak ETB2ko '360º' saioarentzat egindako inkestaren arabera.
EAEko emakumeen % 22,8k intimidazioren bat jasan dute noizbait eta % 29,8k ohiturak aldatu dituzte, beldurragatik, eta % 13k gogoko gauzak egiteari utzi diote eraso fisikoak edo hitzezkoak pairatzearen beldurrez.
Etxera bakarrik ez itzultzeko jarraitzen dituzten estrategiez galdetuta, hiru aipatu dituzte nagusiki: lagunen batekin itzultzea (% 41), taxia hartzea (% 16,7) eta telefonoz hitz egitea (% 9,7).
EAEko emakumeen % 10,3k sexu-eraso edo gehiegikeriaren bat jasan dute noizbait. 'EAEko emakumeen aurkako mikromatxismoak' goiburupean egindako ikerketak dioenez, % 28,3k ukituak jasan dituzte toki publikoetan eta % 3 sexu harremanak izatera behartu dituzte.
Halaber, emakume askok ginekologoarengana joan direnean izan ohi dituzten arazoak ere utzi ditu agerian inkestak. % 6,5ek adierazi dute deseroso sentitu direla ginekologoak izandako jarreragatik edo egin dituen komentarioengatik.
% 3,3k uste dute ginekologoa gehiegikeriaz aritu dela; eta beste horrenbestek esan dute sexu harremanei buruzko iruzkin desegokiak egin dituela.
Inkestatuen % 15 uste dute gutxietsi egiten dituztela edo zertaz ari diren jakingo ez balute bezala tratatzen dituztela emakume izate hutsagatik. Portzentaje horrek nabarmen egiten du gora, % 69,5ra arte, jorratutako gaiak mekanika edota etxeko lan txikiak direnean.
Ia gehienen (% 90) iritziz, emakumeak diskriminazio egoerak pairatzen jarraitzen du lan munduan, bereziki, tradizionalki maskulinotzat jo diren lanpostu horietan. Inkestatuen % 14,4k onartu dute beren nagusi edo lankideren bat bera limurtzen ahalegindu izan dela.
Berdintasunari dagokionez, inkestatuen % 72,3 ados daude azken 10 urtean gizartea aldatu egin dela esaterakoan.
Gizonak emakumeek pairatzen dituzten arrisku edo berdintasun egoera horien kontziente ez direla uste dute % 44k.
Bestalde, % 45k uste dute gizonak ez direla dituzten pribilegioez kontziente.
Seme-alabarik ez duten emakumeen kasuan, erdiek baino gehiagok (% 51,4) azalpenak emateko obligazioa sentitzen dute.
Azkenik, seme-alabarik ez duten emakumeak gaizki ikusiak daudela uste dute hamarretik hiruk (% 30,9).
Fitxa teknikoa
Ikerketa soziologikoa otsailaren 8an egin zuten, eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan bizi diren 400 emakume elkarrizketatu zituzten telefonoz.
Elkarrizketen % 18,5 euskaraz burutu ziren, eta % 81,5, gaztelaniaz.