Gizartea
ALERTA METEOROLOGIKOA
Sute arriskuagatik eta haizeagatik abisu horiak ezarri dituzte igande honetarako
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
10:00etan sartuko da indarrean sute arriskuagatik ezarri duten abisua, eta 18:00etan, berriz, hego haize bortitzagatik jarritakoa.
-
Sutea Zabalegi mendian, aste honetan. Argazkia: Euskadi Irratia
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak bi abisu hori ezarriko ditu igande honetarako: bat, sute arriskuagatik, eta bestea, hegohaize bolada indartsuengatik.
10:00etan sartuko da indarrean sute arriskuagatik ezarri duten abisu horia eta egun osoan zehar egongo da indarrean. Landaredia oso lehorra dago, hezetasuna oso baxua da eta hego haize gogorra espero denez, mendian sua pizteko arriskua handia izango da.
Haize bolada indartsuengatik ezarriko duten abisu horia 18:00etan sartuko da indarrean. 100 km/h-ko abiadura izan dezake haizeak agerian dauden zonaldeetan, eta 20-80 km/h-ko ufadak izango dira inguru babestuetan.
Gainera, astelehenean beste abisu hori ba ezarriko dute nabigaziorako, lehen bi milietan. Lau metroko olatuak espero dira, izan ere.
Eguraldiaren iragarpenari dagokionez, Euskalmetek dio laino gutxiko eguna izango dela eta 25 gradu izango dituztela Bilbon, 24 Donostian eta 20 Gasteizen., Arratsaldean, lainotu egingo du eta euria egin dezake kostaldean.