Itxi

Gizartea

GIPUZKOA

Gizon bat hil da Donostiako fabrika zahar batean piztutako sutean

EITB.EUS

Goizaldeko seiak aldera piztu da sua Infernu izenez ezagutzen den okupatutako fabrika zahar batean. Gainera, beste bi pertsona Donostiako ospitalera eraman dituzte zaurituta.

2:21
Sutea Donostiako Infernuan

Gizon bat hil da eta beste bi pertsona zauritu dira bart Donostian, Infernu izenez ezagutzen den inguruko eraikin zahar batean izandako sutean, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez.

06:00etan piztu da sua. Antza, etxerik gabeko hainbat pertsona gaua pasatzen ari ziren bertan.

Sua hasi den unean sei pertsona zeuden bi solairuko eraikinaren barruan. Horietako bost garretatik ihes egitea lortu dute, seigarrenak, ordea, ez. Suhiltzaileek aurkitu dute haren gorpua.

Halaber, bi pertsona Donostia ospitalera eraman dituzte. Horietako batek haustura du hanka batean, garretatik ihesi lehen solairutik salto eginda; bestea, kea arnasteagatik eraman dute.

Donostiako Udaleko gizarte zerbitzuetako langileek hiriko aterpe batera eraman dituzte gainerako pertsonak.

Suhiltzaileak sua itzali dute dagoeneko.

Oraingoz, ez dakite sua zerk eragin duen.