Itxi

Gizartea

Madrilgo epaitegia

Franco hobitik ateratzeko lanen baimena eten dute 'segurtasun berme faltagatik'

Agentziak | Erredakzioa

Obra-lizentzia behin-behinean geldiaraztea onartu du auzitegiak, partikular batek eskatu ondoren.

  • Francisco Franco diktadorearen hobia Eroritakoen Haranean. EiTBko bideo batetik ateratako irudia.

    Francisco Franco diktadorearen hobia Eroritakoen Haranean. EiTBko bideo batetik ateratako irudia.

San Lorenzo de El Escorialeko Udalaren txostena behin-behinean baliogabe utzi du Administrazioarekiko Auzien Madrilgo 3. Epaitegiak. Udalak txostenean Francisco Franco diktadorea Eroritako Haraneko hobitik ateratzeko hirigintza-lizentzia eman zuen.

Obra-lizentzia behin-behinean geldiaraztea onartu du auzitegiak otsailaren 25eko auto batean, partikular batek eskatu ondoren. Testu judizialari alegazioak aurkezteko hiru eguneko epea du Udalak.

Udalak 2018ko azaroaren 26an igorri zuen txostena. “Marmolezko zoladura altxatzea, Francisco Francoren hobia estaltzen duen harrizko lauza kentzea” eta “beste toki batera” eramateko lanak “onargarriak” zirela ebatzi zuen Udalak.

Horrela, 2019ko otsailaren 15ean “berehala hobitik ateratzeko” akordioa adostu zuen Ministroen Kontseiluak, baina Franco Eroritako Haranetik ateratzeko “aparteko premiarik” ez dagoela argudiatu du auzi-jartzaileak, 44 urte bertan eman dituelako.

“Espediente administratiboaren faltan”, lanak “legezkoak” eta “pertsonen segurtasuna” bermatuz egin ahal izatea zalantzan jarri du auzi-jartzaileak demandan, hori da “benetan garrantzitsua”, epaitegiaren arabera.

"Arrisku nabaria"

“Marmolezko lauzak mugitu behar direla gogoraraztea erabakigarria da; antza denez, granitozko beste lauza bat estaltzen dute, dirudienez, 2.000 kilokoa”, ohartarazi dute. Horregatik, “arrisku nabaria” dela uste dute.

Azkenik, “segurtasun eta egonkortasun azterketa zorrotz baten gabezia” zehaztu dute peritu-txosten batean, baita “Francoren hobiaren azpian izan daitezkeen lurpeko instalazioena” ere.

“Ministroen Kontseiluko erabaki bat, nahiz eta zilegi eta legezkoa izan, hori ez baita zalantzan jartzen, teknikari edo langileen bizitza ala osotasun fisikoa arriskuan jar dezaketen berme tekniko eta mekanikorik gabe egitea ezinezkoa da”, erantsi dute Konstituzioaren lehen artikuluari erreferentzia eginez.

Erabakia irmoa da eta helegiterik aurkeztea ez da posible, baina San Lorenzoko Udalak hiru egun ditu alegazioak aurkezteko.