Gizartea
Pederastia
Vatikanoak pederastiaren kontrako 21 proposamen aurkeztu ditu
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Adin txikikoen artean sexu-abusuak saiheste aldera, Vatikanoak 21 proposamen aurkeztu ditu, horien gainean gogoeta egiteko eta beharrezkoak diren neurriak hartzeko.
-
Frantzisko Aita Santua. Argazkia: EFE
Pederastiaren aurkako goi-bileran, adin txikikoen sexu-abusuak saihesteko 21 proposamen aurkeztu zituen Vatikanoak, ostegunean:
1.- Salaketa bat jaso ostean elizgizonek eman beharreko urratsak zehazten dituen "vademecum praktikoa" sortzea.
2.- Ustezko kasuak aztertze aldera, adituz osatutako "entzuketa taldeak" osatzea.
3.- Gotzainen edo elizgizonen inplikazioa sustatzeko irizpideak zehaztea.
4.- Salaketen azterketan, biktimen babesean eta akusatuen defentsa eskubidean prozedura partekatuak ezartzea.
5.- Agintari zibilei eta Elizako agintariei abusu kasuen berri ematea.
6.- Aldian-aldian protokoloak eta arauak berrikustea.
7.- Gotzainen aurkako salaketak kudeatzeko protokolo zehatzak ezartzea.
8.- Biktimak, babestu, lagundu eta artatzea.
9.- Apezpikuen zein elizgizonen formakuntzarako ekimenak bultzatzea, sexu-abusuek dituzten ondorioez kontzientziatzeko.
10.- Sexu-abusuen kasuak izan dituzten elkarte katolikoetan arreta areagotzeko prozedurak, penitentziak eta erredunei "laguntzeko" neurriak bultzatzea.
11.- Egiazko eta gezurrezko kasuak ezberdintze aldera, besteak beste, komunikabideekin elkarlanean aritzea.
12.- Ezkontzeko gutxieneko adina 16 urtera igotzea.
13.- Ikerketetan eta abusuengatik egiten diren epaiketa kanonikoetan aditu laikoak egotea.
14.- Epaiketetan errugabetasun presuntzioa babestea. Horretarako, behin betiko zigorra ezarri orduko edota ikerketari ekin baino lehen, errudunen zerrendak ez argitaratzea eskatzen dute.
15.- Zigorraren proportzionaltasun printzipioa errespetatzea, eta errudun diren apaiz edo gotzainek beren kargua uztea.
16.- Seminaristen eta elizgizon izateko hautagaien artean aurretiazko formakuntza ematea, "heldutasun espirituala eta psikosexuala" sendotzeko.
17.- Adituek apaiz izateko hautagaiak ebaluatzea.
18.- Seminaristak seminario batetik bestera aldatzeko arrazoiak zein izan diren argitzea.
19.- Apaizei eta boluntarioei "nahitaezko" jarrera kodeak zehaztea, "pertsonen arteko harremanetan mugak zein diren argi utzita".
20.- Abusuak dituen arriskuei buruzko informazioa eta datuak ematea, agintari zibilen laguntzarekin, delitu zantzuak nola antzeman jakiteko.
21.- Delituak salatu nahi dituzten biktimentzako erakunde bat sortzea, Elizaren tokiko agintaritzarekin zerikusirik ez duena, eta aditu laikoz eta eliztarrez osatuta dagoena.