Gizartea
Sexu-abusuak Elizan
Sexu-abusuen aurkako 21 proposamen mahaigaineratuta hasi da Vatikanoko goi-bilera
EFE
Frantzisko aita santuak esan du gizarteak Elizan sexu-gehiegikeriak amaitzeko "neurri zehatzak eta eraginkorrak" espero dituela, eta ez soilik gaitzespen adierazpenak.
Elizaren baitako sexu-abusuen arazoari irtenbidea bilatzeko Frantzisko aita santuak deitutako ezohiko goi-bilera gaur hasi da Vatikanoan, eta lehen batzarrean 21 proposamen jarri dituzte mahai gainean datozen egunetan lantzeko.
190 apaiz bildu dira Vatikanoan, 114 gotzain tartean. Biltzarra iganderaino luzatuko da.
Frantzisko aita santuak azpimarratu du arazo honen aurrean Elizak "neurri zehatzak eta eraginkorrak" hartzea nahi duela gizarteak, eta soilik apaizek egindako sexu-abusuak gaitzestea.
"Jainkoaren herria begira daukagu eta gugandik neurri zehatzak eta eraginkorrak espero dituzte, eta ezohiko gaitzespen sinpleak", erantsi du.
Sexu-abusuei aurre egiteko 21 proposamen biltzen dituen dokumentua banatu dute batzarrean parte hartzen ari diren apaiz eta gotzainen artean. Charles Scicluna Maltako artzapezpikuak zehaztu du "ibilbide orri bat" dela eta datozen egunetako saioetan aztertuko dituztela puntu horiek guztiak.
Sexu-abusu kasu baten aurrean Elizako arduradunek jarraitu beharreko urratsak zeintzuk izan beharko liratekeen zehaztea da gida horren asmoa.
Entzuteko zentroak eratzea proposatu dute. Zentro horietan "balizko kasuak" aztertuko lituzkete "adituek eta horretarako gaitasuna duten pertsonek".
Ezkontzeko gutxieneko adina 16 urtera arte handitzea ere proposatu dute. Puntu honek zeresan handia eman du. Zuzenbide kanonikoan, emakumeak 14 urtetik aurrera ezkon daitezke, eta gizonezkoak 16 urtetik aurrera.
Ondoko proposamena ere egin dute: "araudi zibilak eta kanonikoak aintzat hartuta, agintari zibilei nahiz Elizako arduradunei balizko kasuaren berri ematea eta beharrezko prozedurak abian jartzea, salaketak aztertzeko, biktimak babesteko eta akusatuaren defentsako eskubidea bermatzeko".
Beste puntu batean, gotzainen aurkako salaketak kudeatzeko "protokolo zehatzak" lantzea, eta gotzainen, arduradun erlijiosoen, apaizen eta Elizako langileen "trebakuntzarako ikastaroak" antolatzea.
Zigorra egindako delituak eskatzen duen mailakoa izan behar dela ere aipatu dute neurri horien artean. "Adin txikiko bati sexu-abusuak egin dizkion apaiza edo gotzaina kaleratu egin behar da", azpimarratu dute dokumentuan.
Halaber, apaiz izan nahi duten pertsonei "azterketa psikologikoak" egitea ere proposatu dute.
Sexu-abusuen biktimen elkarteen iritzian, orain arte argitaratu dituzten neurriak ez dira nahikoak.
Miguel Hurtado biktima bat da, fraide batek sexu-gehiegikeriak egin baitzizkion. Elizak gaur iragarritako neurriak "eskasak" direla esan du: "Horrela ezinezkoa da sexu-abusu gehiagorik izango ez dela bermatzea; erasotzaileak berehala kaleratu behar dituzte, eta ezinbestekoa da kasu guztiak Poliziaren aurrean salatzea".
"Hau bada aita santuak eskain dezakeen onena, goi-bilerak porrot egingo du", ohartarazi du.