Gizartea
Sexu-abusuak
Salestarren kongregazioak ikerketa kanoniko bat abiatu du irakasle ohi baten aurka
EITB.EUS
Kongregazioak ofiziozko ikerketa abiatu du, Deustuko Salestarren ikastetxeko hainbat ikasle ohik sare sozialetan sexu-abusuak salatu ostean.
-
Deustuko Salestarren ikastetxea, kanpotik. ETBren bideo batetik ateratako irudia
Salestarren kongregazioak ikerketa kanonikoa abiatu du Deustuko ikastetxeko irakasle ohi baten aurka, sexu-abusuak egin ote zituen edo ez argitzeko. Hainbat ikasle ohik ustez irakasle ohi horrek egindako sexu-abusuak sare sozialetan salatu ostean hartu du erabakia kongregazioak.
Atzo, astelehena, El País egunkariak zabaldutako informazioaren arabera, Pablo Ortega apaiza eta irakasle ohia da ikertutakoa. Hedabide horren esanetan, Santanderretik (bertan bizi zen gaur egun) Madrilera lekualdatu, adin txikikoengandik urruntzeko.
Salestarrek ofiziozko ikerketa abiatu dute, ez baitute oraingoz subjektu horren aurkako salaketen berririk.
Deustuko Salestarren ikastetxean egindako sexu-abusuen auzian, dagoeneko 30 dira ikasle ohiek jarritako salaketak eta 4 dira salatutako irakasleak.
Salestarren zuzendaritzak oharra kaleratu zuen 1989ko azken hilabeteetan sexu-abusuengatik bi salaketa jarri zirela jakin zutela aitortzeko, eta salatutako irakaslea zentrotik eta kongregaziotik bota zutela zehazteko. Salatzaileen esanetan, ordea, ustez abusuak egin zituen ikasketa-buru ohiak lanean jarraitu zuen, gutxienez beste urtebetez, Zuzendaritzak lehen kasuen berri izan ondoren.