Gizartea
Fort Lauderdaleko auzitegia
Ibar beste delitu batengatik atxilotu izana larrigarritzat hartuko du epaimahaiak
Agentziak | Erredakzioa
“Larrigarrien zerrendan” Miami-Dade konderriko etxebizitza batean egindako lapurreta sartzea eskatu du Fiskaltzak mozio batean, eta Dennis Bailey epaileak onartu egin du.
-
Pablo Ibar bere abokatuekin hizketan. Artxiboko argazkia: EFE
Larrigarri bat gehitzeko Fiskaltzaren mozioa onartu du Pablo Ibar auziko epaileak ostiral honetan. Euskal jatorriko estatubatuarra errudun jo zuten iragan urtarrilean, 1994an egindako hiru hilketa egotzita. Orain, zigorraren zain, preso dago Floridako hego-ekialdean.
“Larrigarrien zerrendan” Miami-Dade konderriko etxebizitza batean egindako lapurreta sartzea eskatu du Fiskaltzak mozio batean, eta Dennis Bailey epaileak onartu egin du.
Hilketa hirukoitza 1994ko ekainaren 26an gertatu eta hiru aste geroago etxebizitza horretan atxilotu zuten Ibar. Miami-Dade konderriko Poliziak hiru gazte atxilotu zituen, horien artean, Pablo Ibar, indarkeria erabiliz lapurreta saiakera leporatuta.
Orain, auzia epaiaren fasean sartzeko zorian dagoenean, atxiloketa hura “herri-epaimahaia konbentzitzeko” erabili nahi du Fiskaltzak, heriotza-zigorra ezar dezan, Andres Krakenberger Pablo Ibar Heriotza-zigorraren aurkako Elkarteko bozeramaileak ohartarazi duenez.
Ibarren defentsak aurkeztutako bi mozio, ostera, atzera bota ditu Baileyk ostiral honetan.
1994ko uztailaren 14ko lapurreta horrekin zerikusia duen edozein lekuko edo froga baztertzea eskatu diote Ibarren abokatuek magistratuari, baina alferrik.
Era berean, bere erabakian atzera egin zuen epaimahaiko kidearekin lotuta egindako eskaera ez du onartu apelazio auzitegiak.